Santi Elejalde: "Gure amak frontean zeuden gudariei taloak egiten zizkiela gogoratzen dut"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ekainaren 18a

Historia bizia da Santi Elejalde (Aramaio 1933). Azkoagako Saturralde baserrian jaioa, bizitza osoa darama Aramaion: "Herri ederra da bizitzeko". Mahaiaren bueltan kontu-kontari aritzea gustuko du, baina elkarrizketa formalak eta argazkiak ez zaizkio gustatzen. Eskerrak azkenean onartu duen proposamena, gozamena izan da-eta harekin batera iraganeko Aramaio irudikatzea. 

Aramaio bizi izateko herri ederra dela diozu. Zergatik?

Niretako, bai. Etxetik irten eta mendian zaude; nire zaletasun handienek mendiarekin dute zerikusia. Herri ederra da bizi izateko. Bizitza osoa daramat hemen, 80 urte. Horietatik 52 urte ezkonduta egin ditut Ibargoian.  

Ehiza da zaletasunetako bat. Oso gazte hasi zinen? 

Bai, oso gaztetatik ehizatu izan dut. Gogoratzen dut aita zena gauez txakurrarekin batera kirikinoak harrapatzera irteten zela, okela ekartzeko. Katuak ere harrapatzen zituen... Erbiak ehizatzeko, bestalde, urte osoan zehar zepoak jartzen ziren eta oiloak kazolekin hartzen genituen. Garai hartan hala bizi ginen. 

Zenbat aldatu den panorama...

Bai, ehiza asko aldatu da. Orain, gehiena debekatuta edo askoz mugatuago dago. Lehen, alde guztietan ehizatzen zen; Pilarika egunean irekitzen zen ehiza-barrutia eta otsailaren 20ra arte egunero ehiza zitekeen. Denetarik zegoen ehizatzeko, Aramaion bertan. Orain, semeari laguntzera irteten naiz basurde bila, baina gero eta gutxiago. 

Lanean ere goiz hasi zinen, ezta?

15 urterekin Felipe Madina zenarekin joan nintzen lanera, Kanpanzarko bidegurutzean zegoen aroztegira. Han hiru urtez aritu nintzen eta gero Zerrajerara joan nintzen, torlojugintzan lanera. Han zigortuta egon ginen. [Barre] Zerrajeran nenbilela, zizak batzeko ohitura handia nuen, aita zenak erakutsita. Lanetik etxera bidean, bide bazterretan, 50 bat ziza-leku zeudela gogoratzen dut. Hori guztia amaitu zen kamioiak errepidea garbitzeko produktu kimikoak botatzen hasi zirenean. 

Sukaldean ere gustura, jende askorendako, gainera.

Asko gustatzen zait sukaldea. Andra Mari ermitan rockeroak elkartu zirenean [Eguzkierripa Rock jaialdia] nik prestatu nien janaria. Etxean prestatzen dut, garajean. Urte asko daramatzat horrela; eskatzen didanari egiten diot, askorik kobratu barik. Gustura aritzen naiz eta laguntzeko aukera ematen dit; ederto. 

Jaiak izango dira laster. Parrandazalea zara? 

Gazte denboran izan nintzen; pobreak ginen orduan, baina hobeto bizi ginen. Gaur gaur ez da inor dantzatzera irteten. Orain ez daukat irteteko ohiturarik. 

Dantzaldi berezi haiek iraganeko kontua direla onartu behar. Bitxikeriaren bat partekatzerik? 

Neskak dantzan irteten zirenean mutilek ordaindu egin behar izaten zuten. Ni kobratzen aritutakoa naiz; mutilak neska hartu osten erreal bi kobratzen genion mutilari. Orduan lege bat zegoen: behin ordainduta neska horrek ezin zuen beste mutil batekin dantzan egin. Lege hori urratzeagatik belarrondoko bat edo beste ikusi izan dut nik. 

Bizente Goikoetxea abesbatzako kide ere bazara. Noiztik?

40 bat urte daramatzat. Gustura aritzen naiz, asko gustatzen zait abestea eta baita abesten ikustea ere. Telebistan abesten ikasteko dauden saio horiek gustura ikusten ditut, esaterako. Tamalez, abesbatzan gazteen erreleborik ez dago; zerikusi zuzena du Elizak galdu duen pisuarekin.

Aramaiora zinema ekartzearen arduradunetako bat ere, zu.

Bai, Arrasatetik ekartzen genituen pelikulak. Egun ere ematen dituzte pelikulak kultura etxean, baina orain, samurragoa da. Lehen, sekulako bobinak izaten ziren, oso deserosoa zen. Gero, noski, Francok inposatutako No-Do-a erakutsi behar...

Oso gazte zinela gerra bizi izan zenuen lehen pertsonan. Ze oroitzapen daukazu?

Gogoratzen dut gure amak frontean zeuden gudariei taloak egiten zizkiela. Balek baserriko atea zulatu zutela ere gogoan dut, eta behin ama zenak gaueko ordu bietan esnatu gintuela Gantzagara joateko, hura ez zutelako bonbardatu behar. Azkenean, ez ginen joan, errotan geratu ginen errosarioa errezatzen. Bonba hotsak ere gogoratzen ditut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak