Xabi Igoa: "Ikasketa bidaiak oso aberasgarriak izaten dira; Txinan eta Indian asko ikasi dut"

Ruben Cuesta 2013ko eka. 8a, 02:00

Xabi Igoak (Aramaio, 1992) Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan Gradua egiten dihardu Mondragon Unibertsitatean, Oñatiko fakultatean, eta datorren urtean amaituko du. Horrez gain, bertsolaria da eta kirola maite du.  Aurten, Txinan eta Indian egon da, eta, guztira, 80 egun igaro ditu. Ez da kontinentetik irteten den lehen aldia, eta, seguruenik, mundua ezagutzen jarraituko du. Minutu batzuk eskaini dizkigu bere bidaiaren berri emateko.

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan Gradua ikasten ari zara. Zertan datza gradua?

Guztiz praktikoa den gradua da, eta enpresa bat sortu dugu. Azterketak egin beharrean, sortutako enpresa aurrera atera behar dugu taldekideen artean. Benetako enpresa eraiki dugu eta Snatu (http://snatu.wordpress.com/) du izena. Hamaika ikaslek osatzen dugu proiektu hau, eta gure funtzionamendua honakoa da: proiektuen bidez funtzionatzen dugu, eta aurrera eramaten ditugun ekitaldietatik dirua lortzen dugu; horiekin lortutakoarekin ikasketa bidaiak ordaintzen ditugu.

Zergatik egin duzue bidaia?

Urtero unibertsitatetik egiten ditugu bidaiak. Lehenengo urtean Finlandiara joan ginen, iaz San Frantziskora eta aurten Txina eta Indiara joatea egokitu zaigu. Azpimarratzekoa da ikasketa bidaiak direla; hau da, ikasteko eta garatzeko helburuarekin diseinatutako joan-etorriak direla. Finlandiaren kasuan, modelo hau bertan hasi zelako joan ginen; San Frantziskora, aldiz, enpresen mugimendu berrien gainean zer zegoen jakiteko –azpimarratzekoak, besteak beste, Facebook eta Google–, eta aurten Txina eta Indiara joan gara, hazten dauden herrialdeak direlako.

Zein hirietatik pasa zarete?

Txinan, Shanghain egon ginen, 23 milioi biztanle baino gehiago dituen hirian; eta Indian Tunen egon gara, baina hainbat hiritatik ere pasa gara; besteak beste, Agra, Calcutta eta Bombay.

Nolakoak dira Txinako eta Indiako ikasle eta langileen ohiturak?

Ikasleekin baino gehiago, enpresako jendearekin izan dugu kontaktua. Proiektua garatzera joan gara eta espazio egokitu batean egin dugu lan. Txinatarren kasuan, asko harritu nau diruari ematen dioten garrantziak. Ekonomikoki asko hazi dira eta hazkunde hori oso ongi nabari da. Gizarteari dagokionez, gero eta goi-erdi mailako eta goi mailako familia gehiago ikusten dira. Guk hemen txinera ikasten ibili gara. Gutxieneko kontzeptu batzuk ezagutuz barrera batzuk apurtzen dira. Hori bai, txinatarrak nahiko itxiak dira. Indiako kasuan, pobrezia handiagoa dago. Jendea oso gertukoa da, baina barrera kultural eta erlijioso asko dituzte, hala ere, zabalagoak dira. Han badaukazu barre egiteko aukera, bai langileekin, bai taxi-gidariarekin. Irekiagoak direnez, errazagoa da haiekin lan egitea.

Eta bidaiatik zer izan da zuretzat zirraragarriena?

Txinatik gehien harritu nauena izan da garapen bidean baino gehiago, garatuta dagoen herrialdea dela. Baina ez dakit noraino heltzeko prest dauden; izan ere, diruak garrantzi handia du, uste baino handiagoa. Indian gehien harritu nauena jendearen irribarrea izan da. Kaleetan zehar miseria handia ikus daiteke, pobrezian bizi den herrialdea delako, baina ikusten diren irribarreak ahaztezinak dira.

Bidaian denetik ikusiko zenuen... baina zein paisaiak harritu zaitu gehien?

Txinan, Shanghai gauez da ongi gogoratzen dudan irudia; kolore guztietako argiak piztuta kalean zehar. Dudarik gabe, garapenaren erreflexua da.

Buruan duzun proiekturen bat?

Snatu garatzen jarraituko dugu, gutxienez, urte batez.

Eta amaitzeko, animatuko zenuke jendea ikasketa bidaiak egitera?

Bai, oso gomendagarriak eta aberasgarriak dira halako esperientziak. Gainerakoengandik ikasteko oso aukera polita da. Bidaiatik bueltan, asko baloratzen dugu daukaguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak