Andere Arriolabengoa: "Bertsolaritza bertsoak botatzea baino gehiago dela esan daiteke; benetako mugimendu bat"

Ruben Cuesta 2013ko mai. 20a, 17:03

Andere Arriolabengoa (Aramaio, 1982) abokatua da, eta baita bertsolaria ere. Aurten, Arabako Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara heldu da –bere herrian egin zen–. 289 puntu eskuratu zituen, eta bertsolaritzari buruzko solasaldia egiteko denbora eskaini digu.

Bertsolaritzan urte asko daramatzazu, baina nondik jaso zenuen bertso-zaletasuna?

Etxean betidanik entzun izan ditugu bertsoak. Gure amamak ohitura zuen bertsoak kantatzeko, eta aitak ere zaletasun handia izan du. Ongi gogoratzen dut lo egiterakoan amamak kantatzen zidala Markesaren alaba.

Nola hasi zinen eta zerk motibatzen zaitu bertsotan aritzera?

Bertsotan kasualitatez hasi nintzen. Gogoratzen dut ostiral arratsalde baten, Aramaion geundela, Gasteiztik etorri behar zuela neska batek bertso eskolak ematera, eta ez zegoela inor. Hori ikusita, lau edo bost gazte animatu ginen bertara joateko. Gainera, asko erakartzen nauen mundua da. Kolektibo bezala euskalgintzan eta euskal munduan jarduteko beste modu bat da.

Nola ikusten duzu emakumea bertsolaritzan gaur egun?

Egia da emakume kopurua igo egin dela aurreko urteekin alderatuta. Eta Maialen Lujanbioren presentzia eta indarra oso garrantzitsua izan da neska gazteak bertsotara animatzeko. Gai honen inguruan oso jantzita daude Uxue Alberdi bertsolari elgoibartarra eta Maialen Lujanbio. Gainera, orain, hitzaldi interesgarriak egiten ari dira gai honen gainean.

Aurten 20 urte Arabako Bertsolari Elkartea eratu zela. Ze balorazio egiten duzu Araban bertsolaritzak egin duen ibilbideaz?

Balorazio positiboa egiten dut. Hasierako garaietan lau euskaltzale biltzen ziren Abel Enbeitaren baserrian, eta geroago Txustan, Arabako Bertsolari Elkartea sortu arte. Eta azken 20 urteetan izandako aldaketa oso agerikoa da. Orain, mugimendu handia dago; esan daiteke haziak sustraiak bota dituela. Hasiera baten, Araban bertsolaritza arrotza zen, eta gaur egun, bai jaietan bai zirkuitu ez ofizialetan, mugimenduak presentzia handiagoa du.

Aurten Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da. Nolako txapelketa aurreikusten duzu?

Normalean, oso hunkigarria izaten da. Jai handi bat da, bai bertsolarientzat, bai bertsozaleentzat. Eta nik espero dut aurten horrela bizi izatea. Argi dagoena da bertsolaritzak azken urteetan boom -a bizi izan duela, batez ere Euskal Herriko finaletan, milaka pertsona biltzen baitira.

Bertsolariek oholtzatik zer ikusten eta sentitzen duzue?

Plazako saio baten, esaterako, ondo pasatzen saiatzen naiz eta lasaitasun handiagoarekin hartzen dut. Txapelketetan, berriz, ez naiz inguruan gertatzen denaz horrenbesteraino ohartzen, oholtza gaineko munduan sartuta egoten naizelako. Izan ere, horrelakoetan, gai-jartzailea, bertso-kideak eta ni neu gaude, eta ez dut gehiagorik ikusten.

Bertsolaritzako teknikak bizitzaren beste esparru batzuetan erabiltzen dituzu?

Ahal dudanean, bai. Adibidez, jendaurrean hitz egiten dudanean edo ikastaro bat ematea egokitu izan zaidanean.

Zein izan da gai-jartzaile batek jarri dizun gairik bitxiena?

Behin, oholtza gainean geundela, gai-jartzaileak bertsolariei begiak estali, eta asmatu behar izan genuen ze espezia ari ginen probatzen. Eta horren ondoren, bertsotan asmatu behar izan genuen ze espezia ziren.

Eta amaitzeko, zer esango zenieke gazteei bertsotara animatzeko?

Bertsolaritza bertsoak botatzea baino gehiago dela. Benetako mugimendu bat. Gainera, oso aukera ona da jendea ezagutzeko, Euskal Herriko txokoak ezagutzeko, eta euskal kulturara eta historiara hurbiltzeko modu ona da. Oso aberasgarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak