Asteon ere hainbat ekintza egin dira: martitzenean, eskola jangela eredu ezberdinen gainean jardun zuten Sabrina Pato eta Patxi Gaztelumendik; eguaztenean, sagar ekologikoaren gaineko tailerra eskaini zuen Xabier Akizuk eta atzo, azkenik, ogi ekologikoa egiteko aukera egon zen Azkoaga auzoan.
Biharko azokan, produktu ekologikoak
Egitarauak ez du etenik izango bihar arte. Gaur Idurre Arangurenek olio zaharra erabiliz xaboia nola egin daitekeen erakutsiko du, Sastiñan (18:30). Hala ere, biharkoa izango da egun handiena. Antolatzaileek azoka berezia prestatu dute Bizente Goikoetxea plazan, 10:00etatik 14:00etara: gazta, eztia, sendabelarrak, ogia, moxal haragia, sagardoa eta sagar zukua, esnekiak, ardo eta garagardo ekologikoak, sasoiko eta bertako produktuak zein Euskal Herriko beste hainbat produktu egongo dira salgai.
Horrez gain, bidezko merkataritza postua, herriko musikari eta dantzarien saioak, haurrendako tailerrak eta bideo emanaldiak egongo dira. Amaieran asteko ekintzetan parte hartu dutenen artean otzara bat zozketatuko dute.