Untzila eta Zabola arteko errepidearen proiektuan "herritarrak kontuan hartzeko" eskatu dio Udalak Adifi

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko maiatzaren 3a

Aramaioko Udalak Adif erakundeari egindako eskaerak kontuan hartzea exijitu dio Untzila eta Zabola auzoen arteko errepidea konpontzeko orduan. AHTko lanen ondorioz Arrasaterako doan A-2620 errepide nagusia itxi izanaren ondorioetatik dator arazoa: "Alternatiba moduan, bide bat utzi genien eta hura egokitu zuten. Gastu horiez gain, 36.973 eurotan zenbatu zuen Udalak bestelako lanen kostua eta faktura guztiak Espainiako Sustapen Sailari eta Adifi bidali genizkion. Oraindik ez dugu ezer kobratu”, azaldu du Ramon Ajuria Aramaioko Alkateak gaur goizean Gasteizko Ciudad de Vitoria hotelean egindako prentsa agerraldian. Haren ondoan egon dira Lierni Altuna zinegotzia eta auzokide kaltetuen izenean agertu den Antonio Elejalde Azkoaga auzoko alkatea.

Baina hori ez da arazo larriena, Ajuriaren arabera. Bidea egokitzeko lan horiek presaka egin ziren eta arazoak sortu dituzte gero. Negua gogorra izan da eta hainbat lurjausi izan diren Aramaioko puntu ezberdinetan. Adifek hori guztia konpontzeko konpromisoa hartu zuen eta oinarrizko proiektua aurkeztu zuen. Aramaioko Udalak proiektua ezagutzen zuen baina hobekuntza batzuk planteatu zizkion. Horretarako Ingek ingenieria enpresak egindako txostena erabili du oinarri gisa. Bertan, akats ugari zerrendatu zituen eta horiek guztiak konpondu behar dituztela beharrezkotzat jotzen du Udalak.

15 egun gehiago izateko eskaera

Apirilaren 26an udaletxean idatzi bat jaso zuten. Idatzi horrek, oinarrizko proiektu hori onartuta zegoela iragarri eta alegazioak aurkezteko 15 eguneko epea zutela azaltzen zuen: "Azpimarratu nahi dugu proiektua apirilaren 17an onartu zela ia ezkutuan. Buletin Ofizialean argitaratzearekin batera, gaia iragarritzat eman zuten eta gure auzokideek aste bat baino gutxiago dute orain alegazioak aurkezteko", salatu dute.

Honako eskaera egin dute Gasteizen propio egindako agerraldian: "Aramaioko biztanleak kontuan hartzea nahi dugu. Horregatik, alegazioak aurkezteko epea 15 egun luzatzea eskatu diogu Madrilgo Gobernuari. Kaltetuei kalte ordainak ematea ere eskatzen diogu. Gure ustez, Adifek eragozpen guztiak gutxitzeko ahalegina egin behar du eta batez ere, eremu pribatuetara joan-etorriak bermatu behar dituzte", gehitu dute.

Azkenik, gogoratu dute Aramaioko biztanleen gehiengo zabala azpiegitura honen kontra agertu bazen ere, azpiegitura honen ondorio guztiak pairatu dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak