Horretarako fase ezberdinak izan ditu ikerketak. Hasteko, talde sustatzailea osatu, lan tresnen diseinua egin eta prozeduraren egitura zehaztu zuten. Gero, datuak bildu zituzten: elkarrizketak teknikari eta beste hainbat eragilerekin, galdetegiak zinegotziei eta bilera ezberdinak herritarrekin. 52 emakumek eta 15 gizonezkok hartu dute parte diagnostikoan. Azkenik, joan den astean aurkeztu zituzten ikerketak eman dituen ondorio nagusien berri, eta azken urteotan Aramaioko emakume eta gizonen egoeran eman diren aldaketak ikusteko aukera ematen du ikerketak.
Datu kuantitatiboak Eustat, Lanbide, Ine eta erroldatik jaso dituzte. Datu kualitatiboetarako, berriz, elkarrizketa indibidualak, talde elkarrizketak, elkarte ezberdinekin egindako bilerak eta Udaleko dokumentuak –webgunea barne– hartu dituzte aintzat.
Desorekak ardurei dagokienez
Udaleko langileei dagokienez, ondorioetako bat izan da lan batzuk "guztiz feminizatuta" daudela. Adibidez, ongizatea eta euskara moduko arloetan emakumeena da ardura baina hirigintzan, obretan eta zerbitzuetan gizonezkoak dira nagusi. Nahiz eta Udaleko lantalde osoan emakumeak gizonak baino gehiago izan –26 langiletik 17 dira emakumeak–, ardurak aztertuz gero, desorekak ikusten dira.
Bestalde, udal korporazioa orain arteko parekideena da: bost gizonek eta lau emakumek osatzen dute; aurreko hiru legealdietan emakume bakarra zegoen, eta zortzi gizonezko. Udalaren barne eta kanpo komunikazioa hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko eta estereotipatu gabeko irudiak erabiltzeko ezagutza eta tresna falta dagoela ondorioztatu du ikerketak, eta egilearen sentsibilitate eta borondatearen araberakoa izaten dela. Horren arrazoia da, Daiteke enpresakoen ustez, langileek gai horren inguruko formaziorik ez dutela jaso.
Zaintza, emakumearena
Gizarte zerbitzuetan, bestalde, emakumeek hartzen dute protagonismoa. Zaintza zerbitzua eta mendekotasuna duten pertsonen ardura emakumeena da eta gizarte zerbitzuetatik sentsibilizazio eta informazio mailan antolatutako ekintzetara gehien hurbiltzen dena ere emakumea da.
Kultur arloan ez da desorekarik ematen. Liburutegiaren eta ludotekaren erabilera orekatua da, adibidez. Kirol arloan, hona ondorio aipagarri bat: adinean aurrera egin ahala neskek kirola egiteari uzten diote.