Zu beti izan zara langilea. Zergatik politika?
Zergatik sartu? Ezin dizut data zehatzik eman, familia kontua da. Etxean politika oso presente izan dugu beti. Aita sozialista zen, Arrasaten Dragoien taldeko teniente gazteena izan zen. Osaba batek, aldiz, politika kontuengatik Frantziara alde egin behar izan zuen. Haiek bai politikan sartzeko garaiak!
Orain politikan egotea errazagoa dela uste duzu?
Ez dago lehen zegoen grinarik, jendea asko lasaitu da. Gelman lan egiten nuenean, sindikatu eta politikariek lan handia egiten zuten. Oraingoek euren soldata ziurtatzeko baino ez dute lan egiten.
Borroka egiteko grina galdu egin dugu?
Komodoegi bihurtu gara, guztiok. Berdin zait sindikalista, politikari edo herritar izan. Lehen, guztion artean presio handiagoa egiten genuen.
Dena den, politikak gainbehera handia izan du.
Lehen, idealistegiak izango ginen, baina gure idealak defendatzen genituen; orain, interesek politika gehiegi kutsatu dute.
Ustelkeria asko zabaldu da.
Asko? Gehiegi! Barcina, Barcenas, Urdangarin... Denetik egin ostean hor dituzu, lasai-lasai. Ez zaie ezer gertatuko, ziur nago. Kontu horietan zigorrek gogorragoak izan beharko lukete.
Beti izan zara EAko kidea?
Ez, ez. Ni EAJn hasi nintzen.
Hortaz, EAJren eta EAren arteko gatazka hurbiletik jarraitu zenuen.
Bai. Ni Garaikoetxearen aldekoa nintzen. Hura euskaldun guztion lehendakari izan nahi zuen eta Arzallusek Neguriko jendearentzat egindako lehendakari bat nahi zuen. Hortik dator auzi guztia.
Banaketa ez zen kontu erraza izan, ezta?
Jende asko haserretu zen. Zenbait familia banatuta geratu ziren. Garai hartan emazteak ile-apaindegia zuen, eta ni herriko EAko lehen lehendakaria nintzenez, askok joateari utzi zioten.
Zu hiru legealditan egon zara, zaila da udal baterako zerrenda betetzea?
Oso zaila. Aramaion oso jende profesionala dago, baina ez da konprometitzen. Gero, kalean ikusi eta kexa mordoa kontatzen dizkizue, baina ez dute udalean lanik egin nahi. Ni hiru aldiz izan naiz zinegotzi, baina zerrenda betetzeagatik, politika ez da udalean soilik egiten. Gainera, ez dut inoiz nire lanagatik sos bat ere jaso.
Kultura eta euskara, ziur krisiak gogor eragin diela?
Inozo hutsak garelako! Behin eta berriro entzuten dugu dirurik ez dagoela, baina gero futbolari bat ekartzeko milioikada itzelak gastatzen ditugu. Are gehiago, San Mames futbol zelaiaren kontua lotsagarria iruditzen zait! Aldundiak ez luke horretan dirurik jarri beharko.
Instituzio gehiegi ditugu?
Noski. Ez da sistema eraginkorra. Jaurlaritza, diputazioa, udala... Maila gehiegi daude, hori gutxitu egin beharko litzateke.Herritarrentzako eta instituzioentzako ere eraginkorragoa izango litzateke.
Baina udalak beharrezkoak izango dira, ezta?
Bai, hurbileko instituzioak beharrezkoak dira, baina, askotan, guztia doan emateko politikan erortzen gara. Aramaion kasu argi bat dago: gaztetxean dirutza handia gastatu ostean, gazteek ez zuten ongi erabili eta egun zenbati leiho ere falta dira. Urtetan ez naiz bertan sartu, baina ireki eta gutxira, hura anabasa handi bat besterik ez zen.
Zenbait gauza on ere izango dituzu gogoan.
Bai, noski. Urte gutxian Aramaio asko hobetu da. Gas sarea, kultura etxea, masusta... Zerrenda luzea da. Izan ere, askotan kritikak jaso arren, egindako lanarekin gustura nago.