Joan zen astean egin zuten bilera; abiapuntu bat zehazteko bilera izan zen eta 25 bat herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. Ferranek alde zaharra egun nola ikusten duten jakinarazi zuen: okupazio mailari dagokionez, "desoreka handia" dago Ibargoiako dentsitate altuaren eta Ibarrako gainerako guneen artean; eraikinak arkitektonikoki "nahiko egoera onean" daude baina erreka aldera ematen duten zenbait etxetako fatxadak desitxuratuta daude; eta, azkenik, "kalitatezko espazio libreen" beharra dago, oro har. Aparkalekuen beharra dagoela da beste ondorio bat; izan ere, Osteta kalekoa eremu pribatuan dago.
Parte-hartzea, "garrantzitsua"
Bestalde, Andoni Solupe Hirigintza zinegotziak parte-hartze altua izan zela nabarmendu du: "Udalarendako oso garrantzitsua da herritarrek euren ekarpenak egin ahal izatea, izan ere, herritarrak dira bertan bizi direnak". Orain plan berria idatzi beharra dago eta hori publiko egiterakoan, bilera irekian azaldu zenez, herritarrek aukera izango dute proposamenak eta alegazioak aurkezteko: "Udalak eskaerok aztertu egingo ditu eta onartuko dira edo ez. Proposamenak teknikoki egingarriak diren baloratu beharko da", adierazi du Solupek.