Bandera gorri-horia jartzearen "inposaketari" nola aurre egin pentsatzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 19a

Espainiako bandera udaletxearen "kanpoaldean eta leku ikusgarri" batean egon behar dela dioen Banderen Legea 1981eko azaroaren 12koa da. Barrualdean ere "lehentasunezko" lekua izan behar duela dio. Beraz, Espainiako bandera udaletxean jarri beharreko auzia ez da atzo goizekoa. Urte asko daramate euskal udalek eta bestelako erakunde publikoek Espainiako Gobernuak eta epaitegiek agintzen dutena saihesten. Horretarako, Debagoieneko udalek zuzenean agindua ez betetzeko bidea hartu dute betidanik.

Baina 2011ko udan, udalbatza berriak osatu eta segituan, Euskadiko udal guztiei idatzia bidali zien Espainiako Gobernu ordezkariak, "legea denondako berdina" dela gogoraraziz eta, beraz, bandera ipintzea tokatzen zitzaiela esanez. Debagoieneko udalek modu berean erantzun zuten: agindua ez zuten bete eta aholkulari juridikoak kontsultatu zituzten.

"Legeak behartuta" jartzera

Aramaioko Udalak ere 2011ko udako sententzia horri helegitea jarri zion. Helegitea, baina, ez zen onartu. Orain, sententzia berriaren zain daude: "Ez dakigu noiz helduko den baina laster izango da. Aspalditik datorren kontua eta, legeak behartuta, jarri egin beharko dugu", adierazi du egun Bilduko zinegotzia den Idoia Beitiak. "Baldintza jakin batzuk bete behar ditu, gainera: lehentasunezko leku batean egon beharko da, tamaina zehatz bat izan beharko du... Gainera, intsumisioa ez da aukera bat, isun itzelez gain, gure karguan jarraitzeko gaitasunik gabe utziko gintuztelako. Beraz, ez dago beste aukerarik bandera jartzea baino", dio Beitiak.

Hori bai, herriarengana joko dute, "inposaketa" horren aurrean zein ekintza gauza daitezkeen galdetzeko: "Udal moduan behartuta gaude Espainiako bandera jartzera, baina argi dugu herri osoarendako inposaketa dela". Bergaran eta Eskoriatzan jatorri ezberdinetako banderak jarri zituzten gorri-horia bakarrik jartzea ekiditeko, baina Aramaion oraingoz ez dute halakorik planteatu. Herritarren ekarpenei itxarongo diete.

Alkate eta zinegotzi ohiak

Banderen auzia bere garaian gertutik jarraitu zuten alkate eta zinegotzi ohi batzuekin egon gara, euren esperientziaren berri izateko. Francoren diktadura osteko Aramaioko lehen alkatearekin egon gara lehendabizi, Julian Unzuetarekin: "Espainiakoa ez da gure bandera eta oso gaizki iruditzen zait udaletxean jartzea. Alkate izendatu nindutenean Franco bizi zen oraindik eta bi aldeak ezagutu nituen. Gero lortu genuen Ikurrina jartzea, gurea. Horrenbeste borrokatu ostean lortu zena egun batetik bestera galtzea oso gogorra litzateke".
1991tik 1995era alkate izan zen Jose Ramon Uriberekin ere –egun ere zinegotzia da Aramaioko Alkartasuna alderditik– egon gara; 1991n Ikurrina jarri zuen udaletxeko balkoian, besteak beste: "Akordatzen naiz Ikurrinaren zentzua bera zalantzan jarri zela eta orduan borrokatu beharra zegoen, zer garen erakusteko. Denok dugu argi Espainiako bandera ez dela gurea baina, era berean, ahaztuta egon beharko zen gaia da. Egungo alkateak bandera jartzen badu ere ulertuko nuke, ondorioengatik".

Legealdi berean HB-ko zinegotzi izan zen Mikel Arantzabalek ere gogoan du Ikurrinaren aldeko borroka: "Orduan ez zegoen banderarik balkoian baina gogoratzen dut nola Herri Batasunak aurkeztutako mozio bati esker Ikurrina jartzea onartu zen; ordutik dago balkoian, inongo arazorik sortu gabe. Honakoa Estatu espainiarraren beste inposaketa bat da; herriak erantzun egin beharko luke". Mozio hori HB-ren (2) eta EA-ren (4) aldeko botoekin eta EAJren (3) kontrakoekin onartu zen. Amaitzeko, 2003tik 2007ra alkate izan zen EAJko Mertxe Mondragonek ere uste du gorri-horia ez dela jarri behar: "Ahal dena borrokatu behar da bandera udaletxean ez jartzeko. Aramaioarrek ez dute onartuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak