Alde zaharreko plan berezian parte hartzeko bilera irekia gaur Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko apirilaren 17a

Ibarrako alde zaharrari balioa eman eta birgaitzeko plan berezia idazteko aramaioarren ekarpenak behar ditu Udalak: "Gai honetan ere herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da guretako", adierazi digu Andoni Solupe Hirigintza zinegotziak. Martxo erdialdean lehen bilera bat egin zen, arkitekto enpresa batek egindako azterketa sozio-urbanistikoaren emaitza nagusien berri emateko. Gaur bigarren bilera bat egingo dute, lehen bilera hartan landutakoen errepasoa egin eta herritarren proposamenak jasotzeko. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango da, 19:00etan.

Martxoko deialdiak jende gutxi erakarri zuela ikusita, etzirako bilera berri bat deitu du Udalak: "Azterketako emaitzen errepasoa egingo dugu eta horien arabera herritarrei eskatuko diegu proposamenak egiteko". Ikerketaren ondorioen artean honakoak aipa daitezke: Nardeaga kalean etxe huts asko dagoela, espazio publiko edo plaza berriak egin behar direla, Ibargoian dentsitate handia dagoela eta aparkalekuen arazoari irtenbide bat emateko beharra. Askok gaizki aparkatzeko ohitura izateaz gain, Osteta kaleko aparkalekua eremu pribatuan dagoela gogora ekarri du Udalak eta arazoa sortu aurretik konponbidea eman gura dio auziari.

Auzotarrendako ere bai

Auzo alkateengana ere joko dute: "Auzoetako bizilagunak ere gonbidatuta daude. Ibarrara asko jaisten dira eta eurek ere badute zeresana", dio Solupek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak