Ez hori bakarrik, mintzalagun taldeko kideen arteko elkarrizketa guztiak euskaraz egitea lortu dute: "Taldea eratu aurretik euren artean ezagutzen ziren, guztiak herrikoak direlako. Baina zapatuero elkartzen direnetik hizkuntza ohitura aldatzea lortu dutela esan digute. Orain beti egiten dute euskaraz eta hori lorpen handia da", dio Mondragonek. Gainera, taldean erabiltzen dakien kide bat dagoenez, hika praktikatzen ere hasi dira.
Udalak, "erraztasun guztiak"
Talde berria eratzeko ideia zenbait eskaera jaso ostean bururatu zitzaion euskara teknikariari: "Bi gizonezko etorri zaizkigu ea euskara praktikatzeko aukerarik dagoen galdetzera eta horregatik deialdi berri bat egitea erabaki dugu. Erraztasun guztiak emango ditugu talde berria eratzeko". 40 eta 50 urte arteko gizonezkoak dira; lehenak ume txikia duenez euskaraz ondo egiten ikasi gura du eta bestea, berriz, negozio berri bat irekitzeko asmoz dabilenez euskara jakitea ezinbestekoa dela uste du. Interesa duenak udaletxean eman behar du izena apirilaren 20a baino lehen.
Euskara ikastaroa, martxa onean
Bestalde, ikasturte hasieratik martxan dagoen alfabetatzerako euskara ikastaroa martxa onean doa. Zazpi ikasle daude egun eta astelehen zein eguaztenetan elkartzen dira udaletxean, 17:00etatik 19:00etara. Jon Azkoaga arrasatearra dabil irakasle lanetan.