Txikitatik izan al duzu historiarekiko interesa?
Historiarekiko zaletasuna eta grina familiatik datozkit neurri handi batean. Nire amaren aita aguraindarra zen eta erretiratu zenean etnografia lanetan aritu zen, Jose Miguel Barandiaranek antolatu zuen Euskal Herriko mapa etnografikoaren barruan, Aguraingo zatia egiten. Aguraingo artxiboan ere hainbat lan egin zituen; harengandik edan dudala esan daiteke. Era berean, Lizarran bizi izan nintzen zenbait urtez. eta Lizarra oso leku berezia eta aproposa da gure antzinako historia ezagutzeko.
Iturrieta sagardotegian hitzaldia eskaini zenuen. Zeren gainean?
Hitzaldiaren helburu nagusia Martin Ttipia elkartea aurkeztea izan zen. Gero Gasteizko setioa ere izan genuen hizpide, Arabako historian mugarri garrantzitsua izan zelako. Era berean, oso datu gutxi daude setio haren gainean; oso garrantzitsua izan zen, baina oihartzun handiagoko beste gertakizun batzuengatik ezkutatuta egon da urte luzez.
Ezin da ahaztu Gasteizko setioa gaur egungo Arabaren eta Nafarroako zein egun Euskal Autonomia Erkidegoa denaren historian oso gertakari garrantzitsua izan zela. Bederatzi hilabetez iraun zuen setioak, ez zen hitzarmen edo akordiorik egon. Inbasio bat izan zen, Euskal Herriko historian gertatu diren beste hainbat moduan. Hitzaldian kontu horiek guztiak errepasatu genituen. Era berean, gai hori aitzakia moduan hartzen dugu beste hainbat gairi ere heltzeko. Baina helburu nagusia, esandako moduan, elkartea bera aurkeztea izan zen. Dozena bat lagun elkartu ginen eta beraz, gu oso pozik.
Gai historiko horiek ezezagunak izaten dira gehienendako...
Bai. Gu ez gatoz egia borobilak ematera; eztabaida bat sortu gura dugu, norberak gogoeta bat egin dezala. Izan ere, egiatzat ditugun hainbat datu zalantzagarriak iruditzen zaizkigu.
Historia ezkutatu egin digute eta hainbat gertakariren sorreran ez dugu pentsatzen. Hor dago, adibidez, probintzien sorreraren gaia.
Ba al duzue asmorik Aramaiora bueltatzeko?
Bai, egin genuen berba horren gainean. Aurrerago bueltatuko gara beste ekitaldi bat egitera. Jaialdi eran egitea pentsatu genuen baina zehaztuko dugu.