Maider Unda: "Urte askotako lanaren ondorio da zilarra; pauso bat gehiago eman dut eta asko baloratzen dut hori"

Julen Iriondo 2013ko martxoaren 29a

Londresko Joko Olinpiarretan eta 2010eko eta 2012ko Europako txapelketatan brontzeko dominak irabazi ostean, zilarrezkoarekin itzuli zen etxera Maider Unda oletarra. Tbilisin (Georgia) jokatutako txapelketan Natalia Vorobevaren kontra galdu zuen finala. Txapelketatik bueltan, kiropraktikoaren kontsultara sartu aurretik egin zuen berba GOIENArekin.

Txapelketa gogor baten ostean, medikuaren kontsultatik pasatzea ezinbestekoa da?

Bai [Barre]. Txapelketa, bidaia... Horrek guztiorrek eragin zuzena dauka gorputzean. Atal guztiak bere lekuan jartzeko beharra nuen.

Txapelketa ondo bukatu nuen, gustura. Gainera, emaitza onak lortzen direnean, minak arinagoak izaten dira.

Zilarrezko dominarekin min guztiak ahaztu dituzu orduan?

Bai. Lehen aldiz irabazi dut zilarrezko domina. Georgiara joan aurretik esan nuen domina gosez nengoela. Nire helburua finalera heltzea zen, baina helburuak ez dira beti betetzen. Oraingoan, baina, lortu dut. Urrerako pausua ematea falta izan zitzaidan, baina pozik nago lortutakoarekin.

Final-zortzirenetatik kanpo geratu zinen, eta finalera heltzeko bi borroka izan  zenituen. Gogorrak izan ziren?

Final-laurdenak Epp Mae estoniarraren kontra lehiatu nintzen. Ondo ezagutzen dugu elkar. Aurkari gogorra da, baina gauzak ondo eginda, irabazteko gai nintzela banekien. Nahiko erraz irabazi nuen lehia.

Finalerdietan, Vasilisa Marzaliuk bielorrusiarra izan nuen aurkari. Londresko Joko Olinpiarretan brontzezko domina janzteko izan nuen aurkari bera. Londresko lehiaren mendeku bila irtengo zenaren beldur nintzen.

Eta Marzaliuk bera ere menderatu zenuen.

Nire jokoa eginez gero, irabazteko gai nintzela banekien. Bi lehia haietan erakutsi nuen hori. Bestalde, burua hotz mantentzea ezinbestekoa da. Psikologikoki indartsua izan behar da.

Eta finalean, Natalia Vorobeva errusiarra.

Banekien ez zela erraza izango. Suediako txapelketan harekin lehiatu nintzenean, hark irabazi zuen, baina nik puntu batzuk markatu nizkion. Tbilisin ezinezkoa izan zen. Ez zidan aukerarik eman.

Zer dauka berezia Vorobevak?

Estralurtarra dela esango nuke. Tapizaren gainean gaudenean, ez dizu heltzeko aukerarik ematen. Oso ona da.

Finala galdu eta zilarra jantzi zenuen. Horrenbeste brontzeren ondoren, nola baloratzen duzu zilarra?

Urte askotako lanaren ondorio dela esango nuke. Pauso bat gehiago eman dugu. Pauso garrantzitsua.

2012a urte oso gogorra izan zen. Joko Olinpiarretako prestakuntza oso gogorra izan zen. Londresko dominarekin asko disfrutatu nuen, eta baita oraingo zilarrarekin ere.

Erakutsi dut finaletan egoteko maila daukadala, eta aurrera begira lan egin beharko dugu.

Eta orain, zer?

Atseden hartu, indarrak berritu, eta udako Mediterraneoko Jokoei begira hasiko gara lanean. Hori dugu begiz jota. Finalera heldu gurako nuke. Kontuan hartu behar da, joko horietan Mediterraneoko herrialdeek bakarrik parte hartzen dutela. Hori horrela, borrokalari errusiarra ez da egongo. Finalera iritsita, urrea janzteko aukera handiak izan ditzaket. Hori prestatzen hasiko gara laster. Txapelketa hori izango da hurrengo erronka.

Joko Olinpiarren artean dagoen lau urteko tartean, hainbat tarteko helmuga dituzue. Horietan guztietan maila ona ematen duzula ikusteak, beteko egingo zaitu.

Ez da erraza Joko Olinpiarren arteko lau urtetan fisikoki ondo mantentzea. Han-hemenka antolatzen diren txapelketatan parte hartu beharra egoten da, eta beti, ezin daiteke maila bera eman.

Horregatik guztiagatik, ondo aukeratu beharko ditugu 2016ko Rio de Janeiroko Joko Olinpiarrak jokatu arte egin beharreko txapelketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak