Hasteko, zer da PERIa?
Dokumentu urbanistiko bat da, eraikitzeko, birgaitzeko edota handitzeak egiteko baldintzak erregulatzen dituena. Jarduerak eta erabilerak ere erregulatzen ditu.
Zeintzuk dira PERIa eguneratzeko arrazoiak?
Hiru dira arrazoi nagusiak. Batetik, 1996an onartu zen plan bereziak garatu ezin izan dituen proposamenak garatu ahal izateko aukera berriak bilatu gura ditugu. Bestetik, testuinguru sozio-urbanistiko berrira eta legedi berrietara egokitu, eta azkenik, plan orokorrak egindako alde zaharraren mugatzean gune berriak sartu dira.
Bestalde, diagnostiko sozio-urbanistiko bat egin dugu, ikuspegi ezberdinak aintzat hartuta: eraikuntzen adina, erabilera, okupazio maila, jabetzaren erregimena... Lehen ondorioa da Udalak birgaitzea beharrezko ikusten duela. Eraikuntzen egoera orokorra egokia da eta baita alde zaharreko funtzionalitatea zein irisgarritasuna ere. Hala ere, eraikin gehienetan igogailuen falta sumatzen da. Ondorio desegokien artean daude, besteak beste, errekara ematen duten zenbait eraikinen atzealdeak eta okupazio maila txikia dela orokorrean; etxe asko daude hutsik. Amaitzeko, espazio edo plaza irekien beharra nabaria da.
Ondorio horien aurrean, zein helburu finkatu dituzue etorkizuneko alde zaharrera begira?
Beharrezkotzat jotzen den espazio edo plaza ireki hori non kokatu erabaki behar dugu. Bestalde, aparkalekuen arazoa konpondu beharra dagoela uste dugu. Badakigu aparkaleku bat dagoela gune pribatu batean, Osteta kalean. Gune pribatua denez, etorkizunean aparkalekurik ez dela egongo aurreikusten dugu eta arazoa heldu baino lehen irtenbide bat eman behar zaio.
Zein izango da prozesua?
Bi fase bereiztu ditugu. Lehen fasean Udalak herritarrekin bilera bat egin zuen martxoaren 13an, diagnostikoaren ondorio, helburu eta proposamen nagusiak mahaiaren gainean jartzeko. Bilera horretara jende gutxi etorri zen eta horregatik apirilaren 10erako beste deialdi bat egingo dugu. Zertarako? Lehen bilera hartan landutako gaiak errepasatzeko eta PERIaren helburu eta proposamenak ahalik eta modurik zehatzenean finkatzeko. Izan ere, herritarren iritzia jasotzea ezinbestekoa da guretako. Bilera horietara agertzea oso garrantzitsua da; denon artean erabaki behar dugu nolakoa izango den etorkizunean Aramaioko alde zaharra.
Zertan datza bigarren faseak?
Lehen fase horretatik irtengo litzateke aurrerapen dokumentua. Bigarren fasean, berriz, bigarren dokumentu bat eratuko genuke. Horretan eraikinen babes balio ezberdinak zehaztuko lirateke. Hau da, balio arkitektonikoa izango da irizpidea; Udalak kontratatutako arkitektoak pasako dira etxez etxe balio arkitektoniko hori neurtu eta horren araberako babes mota zehazteko.