Otsailaren 24an egin zuten ikastaroko lehen saioa, Aramaioko kiroldegian. Hurrengo bi domeketan ere elkartu ziren eta ikastaroa borobiltzeko, aurreko bi urteetan egin moduan, Gasteizko izotz pistan egin zuten azken saioa. Aukera ederra izan zen Aramaion ikasitakoak izotz gainean praktikan jartzeko.
"Hurrengo urtean berriro!"
Ekimenaren helburua argia da oso: patinajea aitzakia hartuta, guraso eta haurren arteko harremana sendotzea gura du ekimenak. Patinajea haur zein gurasoen gustukoa den jarduera izanik, guztiek gozatzen dute eta horretan oinarritzen da, hein handi baten, ikastaroaren arrakasta.
Guraso elkarteko Aizpea Ajuriagerrak egin digu balorazioa: "Oso balorazio positiboa egiten dugu, jende askok eman du izena. Domekan, bukatzeko, 65 haur eta guraso joan ginen Gasteizko izotz pistara. Giro oso polita izan genuen, denok pozik. Hurrengo urtean berriro!", adierazi du. Ea 2014an jende gehiago batzen den.