Tibilisko Kirol Jauregiak, Georgiako hiriburuan, hartuko ditu hurrengo domeka bitartean Borroka libre eta grekoerromatarreko Europako txapelketak eta bertan hartuko du parte Maider Unda debagoiendarrak azken lehiaketatan lortutako dominak berretsi nahian: Londreseko Olinpiar Jokoetan lortutakoa eta 2010 eta 2012ko Europako txapelketetan eskuratutako brontzezko domina. Lehiaketaren atarian itxaropentsu azaldu da eta helburua finalerako sailkatzea dela gaineratu du argi eta garbi.
"Finalera hel naiteke"
Basque Team-ek zabaldutako adierazpenetan, Maider Undak azaldu duenez, presioa eta alde psikologikoa kudeatzeko gauza izan ezkero, "finalera hel naiteke, hori lortzeko edozein segundo ondo neurtu behar dudala jakinda", eta kontutan izanda oso zaila izango dela nire denboraldi hasieran maila ematea, beste arerio batzuk ni baino sasoikoago daude eta". Horien artean nabarmendu beharra dago Natalia Boroeva txapeldun olinpiar errusiarra, Vasilisa Marzaliuk bulgariarra eta Kateryna Burmistrova ukrainarrarekin batera.
Zortzigarrenez agertuko da Maider Unda Europako txapelketetan, bere bilakaera hobetuz joan den lehian: 2002an 5. izan eta gero brontzezko domina lortu du bere azken bi txapelketetan, 2010ean eta 201 2an.
2016ko Olinpiar Jokoetan parte hartu
Dortmundeko 2011ko hitzorduan ezin izan zuen parte hartu belauneko lesio larria izan ondoren. Londresen domina eskuratu eta gero borrokalari aramaioarrak lehiatzen jarraitzeko asmoa azaldu du beste denboraldi batez behintzat eta Rio 2016ko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera baztertu gabe.
72kiloz azpikoan arituko da Maider eta kanporaketak ostiral goizean jokatuko dira. Ondoren egingo dira finalak arratsaldez, 18:00etan bertako orduan (15:00etan Euskadin).
Maiderren hitzetan, "maila altuko lehiaketa da, arerio oso gogorrekin, nire mailan europarrak baitira nazioarte mailan agintzen dutenak. Olinpiar Jokoen ondoren trantsizio urtea da guretzat eta ikusiko dugu jendeak erakusten duen sasoia. Disfrutatzera ateratzea nahi dut, podiuma lortzeko gai izan naizela jakinda, baina, era berean, lehendabiziko lehian nagusitzen ez banaiz badakit baita ez dagoela bigarren aukerarik, guztia eman beharko dut beraz".
Borroka egitarau olinpiarrei uzteko aukera iragarri du berriki Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) eta albisteak zalaparta handia sortu du. Honen inguruan Maiderrek dio "neurriak hartzen" ari direla, baina orain dela "momentua borroka Jokoetan egoteko arrazoiak mahaiaren gainean jarri eta defendatzeko".