Alde zaharreko plana eguneratu egin behar dela uste du Aramaioko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko martxoaren 15a

Ibarrako Hiri Birgaitze Plan Berezia –PERI moduan ere ezaguna–  eguneratzeko beharra ikusten du Udalak. Zergatik? Ibarrak alde zahar historiko baten ezaugarriak dituelako. Horregatik babestu, balioan jarri eta berritzeko plan berezi bat egin nahi da. Hori bai, auzotarren iritzia kontuan hartu gura du Udalak, herritarrek etorkizuneko alde zaharra nolakoa gura duten jakiteko. Eguaztenean lehen bilera egin zen; hurrengoa apirilaren 10ean egingo da, proposamenak kontrajartzeko.

Lehen fasean sartu da plana eta fase horretan aurrerapen dokumentu bat idatzita dago. Gero beste dokumentu bat osatuko da, etxez etxe egin beharreko aldaketak zehaztuko dituena. Baina orain aurrerapen dokumentu hori da landu beharrekoa: dokumentu horrek eraikitzeko, birgaitzeko edota handitzeko baldintzak erregulatzen ditu.

Bada, dokumentu urbanistiko hori herritarrekin partekatu eta euren proposamenak jasotzeko, lehen bilera bat egin zuten eguaztenean udaletxean.

Etxe huts asko

Udalak azterketa soziourbanistiko bat egin dezala eskatu dio arkitektura enpresa bati eta honakoak dira ondorio aipagarrienak: Ibarrako alde zaharrean okupazio maila txikia dela orokorrean –bereziki Nardeaga kalean–, irisgarritasun baldintzak nahiko onak direla, espazio libre baten beharra dagoela eta aparkatzeko arazoak daudela.Hala, adibidez, Nardeaga kalean plaza txiki bat egitea proposatzen du azterketa horrek.

Balio arkitektonikoa zehazten

Planak balio arkitektonikoa duten eraikinak zehazten ditu. Horien artean daude babes berezia behar duten eraikinak –eliza eta udaletxea, esaterako–, babes ertainekoak eta oinarrizko babesa behar dutenak. Bestalde, balio arkitektonikorik ez duten eraikinak ere badaude eta beraz, horietan edozein interbentzio egitea errazagoa izango da.  

Andoni Sodupe Hirigintza zinegotziak nabarmendu nahi izan du dokumentazio guztia udaletxean dagoela: "Adibidez norberaren etxeak nolako babes maila duen jakin gura duena etor dadila udaletxera", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak