Hemen da Arabako Bertsolari Txapelketako finala

Ruben Cuesta 2013ko martxoaren 11

Bertan arituko dira Manex Agirre aramaioarra, Oihane Perea, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Ruben Sanchez eta Jagoba Apaolaza. Gasteizko Printzipal Antzokian izango da finala, zapatu honetan, martxoaren 16an, 17:30ean. Aurkezle lanetan Olatz Bayer arituko da; eta gai-jartzaile gisa, Maialen Kortabarria.

Aurre-kanporaketak, kanporaketak eta finalerdiak burutu ondoren, finalera heldu dira sei bertsolari: Asier Otamendik Izarrako finalerdia irabazi zuen; Manex Agirre aramaioarrak eta Iñaki Viñasprek aurreko astean Dulantzin izandakoa irabazi zuten; eta Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza Dulantzin lortutako puntuaketa altuagatik sailkatu dira.

Finalean egin beharrekoak

Bertsolariek finalean egin beharreko lanak honakoak izango dira:

Sei bertsolariekin:

  • Binaka, hiruna bertso, zortziko nagusian.
  • Binaka, hiruna bertso, zortziko txikian.
  • Bina puntu, zortziko txikian.
  • Binaka, hiruna bertso, hamarreko txikian.
  • Bakarka, gaiari bina bertso, doinu eta neurri librean.

Puntuazio altuena duten bi bertsolariekin, buruz-­burukoan: 

  • Hiruna bertso, ofizioka, seiko motzean. 
  • Kartzelako gaiari hiruna bertso, neurri eta doinu librean. 

'Lotu!' lelopean, zapatuan Gasteizera

Finala Gasteizko Printzipal Antzokian izango da, Lotu! lelopean. Aurtengo finaleko txapela Abel Enbeitak jarriko du, Arabako bertsolaritzaren aitzindaria denak, eta bertso­-eskolako kide gazteak izango dira sari ezberdinak banatuko dituztenak. Epaileen mahaia, aldiz, honako hauek osatuko dute: Hodei Lopez de Arkaute, Ekaitz Elorriaga, Mikel Fdz. de Arroiabe, Patxi Aizpurua eta Iker Elexpuru.

Beste bi aramaioar bidean

Aramaion izandako finalaurrekoan hiru aramaioar izan ziren: Manex Agirre, Paula Amilburu eta Andere Arriolabengoa, eta Agirre irten zen irabazle 354 punturekin.

Finalisten biografiak

Manex Agirre 1982. urtean jaio zen Aramaion. 2009an, hirugarren postua lortu zuen; 2010eko Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan, txapelduna izan zen Aramaioko taldearekin; eta 2011ko edizioaren txapelduna da. 

Asier Otamendi 1971. urtean Urretxun jaiotako gasteiztarra da. 2002, 2004, 2005 eta 2008ko Arabako Bertsolari Txapelketak irabazi ditu; 2009an, bigarren geratu zen; 2010eko Arabako Koadrila arteko Bertso Txapelketan bigarrena izan zen Gasteizko Kakiturri-Ehari taldearekin, eta 2011koan ere.

Oihane Perea 1977an jaiotako gasteiztarra da. 2007an eta 2009an txapela jantzi zuen. 2012ko Koadrila arteko Bertso Txapelketan Aguraingo taldearekin txapela irabazi zuen.

Iñaki Viñaspre Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2010 eta 2012ko Arabako Koadrila arteko Bertso Txapelketan Gasteizko Muñoko Katuak taldearekin parte hartu zuen.

Ruben Sanchez gasteiztarra, 1975ean jaioa. Askotan finalista izan da, baina ez azkeneko edizioetan. 2010 eta 2012ko Koadrila artekoetan Aizkorak Zorroztu taldean parte hartu du.

Jagoba Apaolaza 1989 urtean jaiotako gasteiztarra da. 2003an hartu zuen parte lehen aldiz Arabako txapelketan. 2012ko Arabako Koadrila arteko Txapelketan Gasteizko Aizkorak Zorroztu taldearekin hartu zuen parte. Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzen den lehen aldia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak