Euskadiko Openeko lehen proba Aramaion

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 8a

Orixol Mendi Elkarteak eta Aramaioko Udalak antolatutako proban 130 bat parte-hartzaile espero dituzte, eta hainbat mailatan banatuko dira: eliteak, 23 urtez azpikoak, emakumeak, master 30ak, master 40ak, gazteak eta kadeteak. 11:00etan hasiko dira.

Lehen metroak asfaltoan egin ondoren, segituan sartuko dira Barajuen auzoko mendi-pista eta bidexkatan. Elite, master 30 eta 23 urtez azpiko mailetakoek bost itzuli egin beharko dizkiote, bost kilometroko ibilbideari. Gainerako lau mailetakoek hiru itzuli egingo dituzte.

Debagoieneko ordezkariak 

Antolatzaileek 130 bat parte-hartzaile espero dituzte. Asko, maila handia dutenak. Elite mailarako hiru izen azpimarratu behar ditugu: Patxi Cia gipuzkoarra, Diego Latasa nafarra, eta Ismael Esteban kantrabiarra. "Ezustekorik ez badago, euren artean egongo da irabazlea", esan digu Martin Arriolabengoa antolatzaileak.

Dena den, kontuan hartu beharreko izen gehiago ere badaude: debagoiendarrak direlako, eta horietako batzuk, etorkizuneko ziklistak. "Alex Aranburu eta Julen Axpek gogor entrenatzen dihardute. Ea bada, zer egiteko gai diren", dio Arriolabengoak.

Iñigo Roldan, Zigor Urain, Aritz Kortabarria eta Asier Beitia dira gure beste ordezkariak.

Iñaki Lejarreta, gogoan 

Antolatzaileek ez dute ahaztu abenduaren 16an hildako Iñaki Lejarreta. Urte askoan parte hartu izan du Aramaioko mendi bizikleta txapelketan. Ama aramaioarra zuen Lejarretak. "Iaz ez zen egon gurekin, baina orain bi urte bai. Bere heriotza kolpe gogorra izan zen guretako. Ez dugu omenaldi berezirik egingo, baina haren oroimenezko proba izango da", esan digu Arriolabengoak. Horren lekuko, proba iragartzeko kartela: Iñaki Lejarretaren irudia erabili dute.

Beste probak

Gainerako sei probak Erandion (apirilak 14), Bilbon (maiatzak 5), Legution (ekainak 9), Zallan (ekainak 30), Oiartzunen (uztailak 13) eta Zegaman (irailak 9) egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak