Auzoetan eman ziren arazo larrienak, eta Etxaguen izan zen kaltetuena. Saneamendu obrak atzeratu egin dira eta lurra asfaltatu gabe dago oraindik. Horrek eragin zuen elurrak horrenbeste kalte sortzea, Etxaguen altuen dagoen auzoa izatearekin batera.
Metro erdi etxerako bidean
Aitziber Juaristi auzotarrak astelehenean telefonoz kontatu zigun zein zen euren egoera: "Iazko apirilean obretan hasi ziren eta printzipioz zortzi hilabete iraun behar zuten lanek. Baina oraindik obrak amaitu barik daudenez, auzo barruko bide guztiak asfaltatu gabe daude. Elurra kentzeko makina Uribarren baserrira arte heldu da baina hortik ezin izan du aurrera egin. Gainerako baserrietan, auto normala dugunok ezin gara auzotik irten".
Egoera ikusita, Arrasaten pasa behar izan zuen gaua: "Nire kasuan, zapatuan Arriolara jaitsi nuen autoa iragarrita zegoen elurteagatik, eta erabaki dugu autora oinez jaitsi eta Arrasatera joatea, amaren etxean lo egiteko. Bestela, bihar [martitzena] ezingo gara lanera joan eta umea ezingo dugu eskolara eraman. Gure etxerako bidean 40 zentimetrora arteko elurra dago pilatuta". Juaristik gaineratu zuenez, lur orotariko ibilgailuak ere errepidean "ez aurrera ez atzera" ikusi zituzten, geldi.
Gatza gertu, badaezpada
Eguaztena ezkero atsedena eman du elurrak, baina goiko auzoetan elurra badago oraindik.
Izotza egiteko arriskua dago gaurko bereziki eta Udalak gertu dauka gatza, "behar den lekuetan" botatzeko.