UDAL GOBERNUAREN ADIERAZPENA SAHARAR ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOAREN ALDARRIKAPENAREN 37. URTEURRENAREN AURREAN
Aramaioko alkate naizen heinean, eta Otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurren ospakizuna dela eta; Saharar istiluen inguruan gertatutakoak aztertuta; eta dagoeneko hiru hamarkadaz luzatu den istiluak irtenbide baketsua eta behin betikoa- determinazio librerako eskubidetik doana- behar duela aintzat hartuta, honako ADIERAZPEN hau aurkezten dut UDAL GOBERNUAREN IZENEAN:
BERRETSI egin nahi dugu saharar herriak askatasunaren eta autodeterminazioaren alde duen borrokaren aldeko konpromisoa. Saharar herriak, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen eta nazioarteko hainbat erakunderen ebazpenetan ageri denez, bere etorkizuna erabakitzeko ezin kenduzko eskubidea du; izan ere, lurralde hori kolonizazio prozesu baten menpe egon da, eta arazo hori oraindik ere ez da konpondu.
ZORIONDU egin nahi dugu Fronte Polisarioa —saharar herriaren legezko ordezkari bakarra— Bakera II Planaren bidez (Mendebaldeko Saharako Herriaren Autodeterminaziorako Bake Plana) irtenbide bidezkoa, baketsua, demokratikoa eta egonkorra lortzearen aldeko konpromisoa hartu duelako. Plan horri esker, Magreb arabiarreko eskualdean bakea eta egonkortasun politikoa lortzeko itxaropen berriak sortu dira, baita herritarrentzat ongizate maila handiagoa lortzeko aukera ere, herritarrak baitira, azken finean, gatazkaren ondorioak jasaten ari direnak.
ESKATU nahi diegu Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari, Marokoko Gobernuari behar den adina presio egin diezaiotela Mendebaldeko Saharako Herriaren Autodeterminaziorako Bake Plana onar dezan, Fronte Polisarioak egin duen bezala, gatazkaren irtenbide baketsua eta behin betikoa lortzeko.
ESKATU nahi diogu Espainiako Gobernuari—Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuan erantzukizun historikoak eta juridikoak dituenez gero, bai eta nazioarteko harremanetan indar handia ere— lan eraginkorragoa egin dezala, NBEren eta EBren baitan, saharar gatazkarentzat irtenbide azkarra, bidezkoa eta iraunkorra lortzeko.
SALATU nahi dugu Marokok hartutako lurraldeetan saharar biztanleen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak behin eta berriz urratzen direla. Saharar preso politiko eta gerra preso guztiak berehala askatzeko eskatzen du, baita gaur egun desagertuta dauden pertsonak non dauden argitzeko ere.
HORREGATIK, eta gure herriaren ELKARTASUNA berresteko, Sahara askeko bandera jarri dugu udaletxeko balkoian
Agur bero bat,
2013ko otsailaren 27a