Aramaioko baserri auzoetan elurra hamaika buruhauste sortzen ari da zapatua ezkero. Etxaguen auzoaren egoera da larriena: saneamendu obrak direla-eta auzo barruko bidea asfaltatu gabe dago eta elurra kentzeko makinak ezin dira baserri guztietara heldu. Uribarren baserrira arte heldu dira makinak eta gainerako baserriak inkomunikatuta daude, autoan etxetik irten ezinik. Udaleko langileak gaur goizean saiatu dira euren ibilgailuarekin heltzen baina ez atzera eta ez aurrera geratu dira, arekan. Duela bi aste ere gogoz egin zuen elurra eta euria Etxaguenen, eta orduan errepidera jausitako zuhaitzak izan ziren arazoa.
Aitziber Juaristi auzotarrak telefonoz kontatu digu zein den orain bertan (10:00) egoera: "Gaua Arrasaten pasa dugu, amaren etxean. Gizonak [Etor Goikoetxea, auzoko alkatea] azkenean lortu zuen autoa jaistea, elurra kentzeko gogor lan egin ostean. Atzo lur orotako ibilgailuak ere ikusi genituen ez aurrera eta ez atzera".

Argazkia: Etor Goikoetxea Etxaguen auzoko alkatearen autoa Ibarran, behin autoa auzotik jaistea lortu ostean.
"40 zentimetrora arteko elurra dago pilatuta"
"Iazko apirilean obretan hasi ziren eta printzipioz zortzi hilabete iraun behar zuten lanek. Kontua da oraindik lanak amaitu barik daudela eta auzo barruko bide guztiak asfaltatu gabe daudela. Elurra kentzeko makina Uribarren baserrira arte heltzen da baina hortik ezin du aurrera egin. Gainerako baserrietan, auto normala dugunok ezin gara auzotik autoan irten. Nire kasuan, zapatuan Arriolara jaitsi nuen autoa iragarrita zegoen elurteagatik eta, egoera nola dagoen ikusita, erabaki dugu Arriolara oinez jaitsi eta Arrasatera joatea, amaren etxean lo egiteko. Bestela, bihar ezingo gara lanera joan eta umea ezingo dugu eskolara eraman. Gure etxerako bidean 40 zentimetrora arteko elurra dago pilatuta".

Argazkia: Ibarra erabat zuri esnatu du gaur (Ainara Kortabarria)