Iñaki Nafarrate (EAJ): "Gastu arrunta altuegia da bizi dugun krisi garairako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko otsailaren 22a

Oposizioko kide bakarra, EAJko Iñaki Nafarrate, ezin izan zen aurrekontua onartzeko osoko bilkuran egon: "Ez nuke aurrekontuaren kontra bozkatuko, onarpena ez oztopatzeko agindua dudalako bizi ditugun garai latzak direla-eta. Baina alde ere ez nuen bozkatuko, ez dut uste aramaioarrek behar duten aurrekontua denik", adierazi digu.

Jarraian, Nafarratek Aramaioko Udalak onartu duen aurrekontuaren gainean egin duen balorazioa osorik:

"Ez da aramaioarrek behar duten aurrekontua. Gastu arrunta altuegia da bizi dugun krisi garairako. 510.000 euro aurreikusi dira soldatetan eta beste 390.000 euro kanpoko zerbitzuetarako; garbiketa, kiroldegiaren kudeaketa... Kopuru horiek altuegiak dira 2.100.000 euroko aurrekontu batendako. Bestalde, maileguek eta amortizazioek sortzen duten interesak direla-eta urtero ordaindu beharrekoa gehiegizkoa da –108.000 euro– eta asko baldintzatzen du Udalaren inbertsiorako gaitasuna. Bat aipatuko dut: 1983an eraikitako Ibarrako hobi septikoa zaharkituta dago; premiazkoa da araztegi bat jartzea. Diputazioak 2010ean onartutako Azkoagako lanak ere ez dira 2013ko aurrekontuan sartu.

Etxaguen eta Muruko obrak begi onez ikusten ditugu, berandu hasi badira ere. Bestalde, EAJk ez du ulertzen zenbait zerga igo izana; ondasun higiezinen gainekoa eta ibilgailuena, besteak beste. Aramaioarren errealitatea ez da aintzat hartu. Aurrekontuak onartzeko osokoan ezin izan nintzen egon baina argi utzi gura dut EAJk oposizioko lan eraikitzailea egingo duela Udalean, aramaioarren bizi kalitatea hobetzeko ".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak