Aurten lehenengoz abiatu duzue parte-hartze prozesua. Nola joan da?
Oso ondo. Aurrekontua da Udaleko urteko jardunaren bizkarrezurra, egitura markatzen duena. Horregatik nahiko zaila da ulertzea aurrekontuen mamia osotasunean. Hori dela-eta aurten ahalegindu gara modu sinplean aurkezten eta espero dugu urtez urte, jendeak gehiago jakin ahala, parte-hartze prozesua hobetzen eta garatzen joatea.
Herritarren parte-hartzea horren garrantzitsua dela uste duzu?
Asko eskertzen dut herritarren parte-hartzea eta jarrera. Azken finean, Udalak herriaren beharrak ase behar ditu eta herriak Udalean ez badu parte hartzen edota Udalak ez badio herritarrari aukera hori ematen zerbait gaizki doa. Horregatik, herritar guztiak animatu gura ditut parte hartzera. Guk ere Udala egunez egun parte-hartzaileagoa egiten joateko konpromisoa hartzen dugu.
Iaz baino %20 gehiago dauka Udalak herria kudeatzeko. Zerk eragin du igoera hori?
FOFEL [Diputazioaren ekarpena] delakoan gorakada txiki bat eman da iazkoarekin alderatuz gero, opor fiskalak direla-eta. Diru hori izango litzateke herriei kendu zigutena itzultzea. Baina gorakada handiena suposatu duena izan da basoen ustiapena. Iaz jaso zitekeen ekarpen hori guztia baina 2013ra atzeratzea erabaki genuen, krisi egoera honetan diru sarrera gehigarri bat izateko.
Hala ere, zergak igo dituzue.
Bai, zergak igo ditugu. Ulertu behar dena da gastuak igo egiten direla; BEZa ere igo egin da, esaterako. Baina herritarrek jakin behar dute zergak igotzen direla zerbitzuak ordaintzeko. Orduan, gastuak igo ahala, zergak ere igo egin behar dira. Bestela, ez litzateke bideragarria izango Udalarendako.