Aramaioko San Martin eskolako jangela zerbitzua hobetu eta merkatu guran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko otsailaren 21a

San Martin eskolan dauden 140 ikasleetatik 85 dira jangela zerbitzua erabiltzen dutenak. Guraso elkartea zerbitzua kudeatzen duen katering enpresaren ordez beste eredu bat ari da aztertzen. Horretarako bilera egin zuten eguaztenean Sastiñan. Jaurlaritzak guraso elkarteek kudeatzen duten jangela zerbitzua onartzen du baina ez du inongo diru-laguntzarik ematen. Beraz, kostua oso altua da gurasoendako.

Aramaioko kasuan, bi dira eredua aldatzera bultzatu dituzten arrazoi nagusiak: haurren kalitatezko elikadura bermatzea eta herriko ekonomia sustatzea: "Argi daukagu ez dela eskola guztiendako eredua. Halakorik ezin duzu Gasteizen edo Arrasaten planteatu. Baina ez da justua Jaurlaritzaren dekretu batek Aramaiori behartzea Gasteizko edo Arrasateko eredua. Eskatzen duguna da eredurik ez inposatzea eta baliabide zein laguntza berdinak eskaintzea bi ereduei", adierazi du Ander Elortondo guraso elkarteko kide ohiak.

Jangela zerbitzua eurek kudeatuz gero, aldea gurasoek ordaindu beharko lukete: "Sekulako karga ekonomikoa sortuko luke, Aramaioko guraso gehienondako jasanezina dena".

Bertakoa, onena eta merkeena

Katering enpresarekin ume bakoitzak lau euro ordaintzen du egunero eta garraiatuak direnek –auzoetatik autobusean joan behar direnek– 2,3 euro. Euren kontu eginez gero 7,5 euro izango litzateke prezioa; garraiatuak ez direnendako urtean ia 1.200 euro inguru gehiago.

Gainera, Elortondok gogora ekarri du okerrena dela Jaurlaritzarendako merkeagoa izango litzatekeela zerbitzua eurek kudeatzea, Aramaioko produktuak erabiliz: "Arazoa kudeatu nahi ez duten teknikariak dira muga. Eurendako errazena da lehiaketa deitu eta katering enpresa bat kontratatzea. Baina errazena, aldi berean, garestiena da; txarrena osasun aldetik, txarrena ekonomikoki eta herriko ekonomia sustatzen ez duena. Hori bai, oso erosoa da eurendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak