Gorroto: "Beti ondoan egon direnei egindakoa eskertuko diegu azken kontzertuekin"

Jagoba Domingo 2013ko otsailaren 21a

Aramaioko talde honek euren bigarren diskoa prestatzen dihardu egun hauetan, eta honi buruz hitz egiteko Ander eta Jawer taldekideekin egon gara. Musika eszenan aspaldiko ezagunak dira hauek, gazteak izan arren hainbat proiektutan murgilduta daudelako edo egon direlako eta hori azken emaitzan antzeman daiteke. Gorroto 2008an hasi zen gizartea zirikatzen eta orain arte Noraino iritsiko zara diskoa kaleratu dute, punk eta punk-rock abesti bilduma indartsua. Orain, hala ere, taldea beste puntu batean aurkitzen da, disko berria amaitzekotan eta etorkizuna argitzeko asmoz.

Zein da egoera gaur egun?

Aurreko diskoa kaleratu genuenetik, Noraino iritsiko zara (2010), taldeak aldaketa batzuk jasan ditu. Aldaketa nagusia Manexek eta Ibaik –gitarra eta baxu joleak– taldea utzi egin zutela da, eta hauen ordez, Jawer (No Hope, Krisis) eta Ekain hasi ziren gurekin jotzen. Beraz, orain, taldekideak Abarra, Ekain, Agirre, Jawer eta ni [Ander] gara. Momentu honetan gure bigarren diskoan lanean gabiltza, taldearen testigantza izango dena, seguruenik diskoa kaleratu eta kontzertu batzuk eskaini ondoren, taldeari amaiera emango diogulako.

Nolako diskoa izango da?

Aurreko diskoarekin alderatuz nahiko ezberdina izango dela uste dugu. Urteak pasa ahala taldekide bakoitzak musikalki bide ezberdinak aukeratu ditu eta hori kantu berrietan islatzen da. Abesti askotan erritmo aldaketa, estilo ezberdinak eta erreferentzia ezberdinak daude. Adibidez Agirre gitarra-jolea metal munduan sartuta dago, Abarra bateria-jolea punk zalea da eta Jawer rock and roll munduan sartuta dabil azkenaldian. Honen guztiaren nahasketa izango da gure azken diskoa.

Zuek ere Nekrosound estudioan grabatu duzue ezta?

Bai duela hilabete sartu ginen estudioan, urtarrilaren 18an eta egia esan dena nahikoa azkar eta ondo joan da. Hiru astetan musika dena grabatu dugu eta aste honetan nahasketekin hasi eta gutxi barru bukatzea espero dugu. Egia esan oso eroso sentitu gara, etxean moduan egon gara eta gauza horiek emaitzan zerikusia dute. Soinu aldetik oraingoz pozik gaude, baina oraindik nahasketak egitea falta da.

Zein izan da kantak konposatzeko prozesua.

Oraingoan zortzi abesti grabatuko ditugu, baina abesti hauek denbora tarte luzean konposatuak izan dira. Adibidez, Jawer taldean sartu orduko hiruzpalau kantu erdi eginda zeuden, eta ondoren beste hainbeste kantu sortu ditugu. Egia esan, azken urtean kontzertu oso gutxi jo ditugu, gehienbat diskoa prestatzeko entseatzen ibili gara. Formazio berri honekin lau bat kontzertu  eskaini ditugu, beraz lokaleko lana egin dugula esan genezake.

Nolakoak dira kantu berriak?

Orokorrean bide ezberdinetik doaz, aurreko diskoan azkarragoak eta zuzenagoak ziren, punk musikatik gertuagokoak, oraingoan, abesti landuagoak irten zaizkigu; esan bezala, bakoitzaren musika influentziak nabari daitezke. Hitzak ordea, ildo beretsutik doaz; alde batetik, egoera jakin batzuk salatzen dituzten hitzak daude, eta, bestetik, esperientzia pertsonalean oinarriturikoak; Zulo ilun batean, adibidez. Horrez gain, disko berriko kantu bat gitarra akustikoarekin hasten dugu; beraz, aurreko diskoan ez zeuden hainbat detaile berri daude.

Eta diskoa kaleratu ondoren, zer?

Oraindik gauza asko erabakitzeko daude, hala ere, ziurrenik taldea utziko dugu. Gorrotok bere ibilbidea egin duela uste dugu, baina gutxienez taldearen testigantza izango den azken diskoa grabatzeko aukera izan dugu.

Agur kontzerturik egingo duzue?

Gure asmoa diskoa kaleratu eta kontzertu gutxi batzuk jotzea da, seguruenik Aramaion, Garagartzan eta Mirafuentes-en. Horrela, beti hor egon diren lagunei egindakoa eskertzeko aukera izango dugu eta, esan bezala, taldearen testigantza izango den diskoa gure zaleengana helarazteko aukera izango dugu. Ehorzketa polita izango du Gorrotok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak