Alex Mendikutek ateratako argazkiek ikusmina piztu dute herritarren artean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko otsailaren 18a

Asteburuan zehar bi erakusketa izan dira Sastiñan. Azterkosta deritzon erakusketa, joan den astetik irekita zegoena, gure kostaldeari lotutako ekosistemen ezagupena lantzeko da. Hainbat paneletan kostaldeen gaineko informazioa irakurtzeko aukera izateaz aparte, egubakoitz eta zapatu iluntzean zein atzo eguerdian –13:00etatik 14:00etara– Sastiñara sartu zirenek Aramaioko argazkiez osatutako proiekzio batez gozatu zuten.

Alex Mendikute argazkilariak 2010 eta 2011 artean Aramaion ateratako argazkiak ikusteko aukera egon zen, guztiak zuri-beltzean. Aramaioko paraje ederrez gain, herritarrak protagonista dituen hainbat argazki ere ikusi ahal izan dira eta horrek are erakargarriagoa egin du erakusketa.

2012ko argazkiak, gertu

Aurretik beste hiru edo lau erakusketa antolatu izan ditu Mendikutek, baina oraingoan, lehenengoz, muntaia bat prestatu du. Harrera ona izan dela dio: "Ez nuen horrenbeste jende etorriko zenik espero. Pozik nago harrerarekin. Orokorrean argazkiak gustatu zaizkiela esango nuke. Batzuk esan didate oso politak direla".

Uda partean 2012an ateratako argazkiak erakusteko moduan izango ditu baina oraindik ez du erabaki erakusketarik jarriko duen: "Ikusiko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak