Hala, Udalak bi milioi euro pasa izango ditu Aramaio kudeatzeko –2.191.528,12 euro, hain justu. Iaz 1.820.180,94 euro izan ziren–.
Muruko saneamendu lanak
Inbertsioen artean Muru auzoko saneamendu lanak dira Hirigintza Saileko aipagarrienak. 192.200 euro pasatxo bideratuko ditu Udalak Muru auzorako bidea konpondu eta auzoan bertan beharrezkoak diren saneamendu lanak egiteko.
Auzotarrek 14 urte daramate itxaroten auzorako bidea noiz egokituko; diotenez, arazoa oso larria, batez ere larrialdi kasuetan: anbulantziek ez dute auzoraino heltzeko aukerarik. Hirigintza arloan aipatzea merezi duten beste inbertsio batzuk dira, besteak beste, kiroldegiko berritze lanak (36.000 euro), Arabako Aldundiak proposatutako obra txikiak (35.000 euro) eta auzolanak (31.000 euro).
Parot Doktrina salatzen
Aurrekontua onartzeaz gain, garrantzitsuak diren beste hainbat gai landu zituzten atzo. Aramaioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) testu bateratua onartu zuten, funtsezko aldaketa barik.
Bestalde, bi mozio ere onartu zituzten, biak Bilduk aurkeztutakoak. Lehena 197/2006 doktrina edo Parot Doktrina salatzeko izan zen.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak aho batez Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren doktrina hori ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi ondoren, doktrina bertan behera uzteko eskatzen du Aramaioko Udalak: "Euskal Herrian bizi digun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean, euskal presoen aurkako salbuespeneko legeria bertan behera uzteko eskatzen dugu". Beste mozioan Arabako kontzejuen defentsa izan zuten hizpide; kontzejuei eskumenik ez kentzeko eta FOFEL delakoa berritzeko eskatu zuten atzoko osokoan.