Arabako Zilarrezko Mailan dago taldea, iaz Ohorezko Mailatik jaitsi zelako. Lehiakortasunean oinarritzen den talde batendako lehen helburua mailaz igotzea izan beharko litzateke baina hori, Andoni Elejalde koordinatzaileak dioenez, ez da lehentasuna: "Lagunarteko taldea gara eta guztion babesarekin taldea aurrera eramatea izan zen nire lehen helburua. Izan ere, batuta eta ikasteko gogoz bagaude, badakit emaitzak etorriko direla".
Oraindik aukera dute Ohorezko Mailara igotzeko baina ondo borrokatu beharko dute, liderra nahiko urrun dago-eta. Horrez gain, taldearen etorkizuna bermatu gura du Elejaldek: "Ni ez banaiz egoten beste batek har dezala lekukoa".
Motibazioa mantentzea, zaila
Elejalde taldearen lehen hiru urteetan aritu zen koordinatzaile moduan eta etenaldi baten ostean 2012-2013 denboraldirako bueltatu da: "Eskoriatzan atezain moduan aritu nintzen urte eta erdiz. Egia esan, ez zuten fede larregi izan nigan eta gainera, lesioek ez zidaten batere lagundu; gero, taldea desagertu egin zen eta orduan erabaki nuen nire herriko taldera bueltatzea".
Elejaldek aitortu digu lagunen arteko talde bat aurrera eramatea ez dela erraza: "Motibazioa mantentzea zaila da, baina aurten oso gustura gabiltza. Intentsitatea eta gogoa badago, eta baita hobetzeko gaitasuna ere. Horrek asko errazten du nire lana".
Bataz beste, 30 zale leial
Aurten kanpora egin beharreko irteerak Gasteizera izango dira bakarrik. Etxeko partiduetara, bestalde, gero eta jende gehiago hurbiltzen da: "Zaleak erakartzea izan da nire helburuetako bat eta lortu dugu. Ordutegiak asko eragiten du, baina bataz beste 30 bat jarraitzaile etortzen dira. Oso kopuru polita da hori. Noski, gehiago etor daitezela, taberna zabalik egongo da-eta!".
Aurrerantzean jarraipen berezia egubakoitzeko GOIENA paperean
Aurrerantzean, egubakoitzeko Goiena paperean jarraipen berezia egingo diogu taldeari, azken emaitza, sailkapena eta hurrengo jardunaldia iragarriz.