Haize freskoa Aramaion Santa Ageda bezpera ospatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urtarrilaren 23a

Esaerak dio kantatzen duen herria inoiz ez dela hilko. Hori horrela bada, ez dago zalantzarik: Aramaioko herria bizi-bizirik dago. Horren adierazle da Santa Ageda bezperako ospakizuna indarberritzeko egin duten ahaleginak izan duen erantzun ona. Otsailaren 2an 40 bat lagun elkartzea espero dute auzoz auzo Santa Ageda batzea egiteko Jasotako diruaren erdia Caritasera bideratuko da eta beste erdia, berriz, Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundeak jasoko du.

Aurten Santa Ageda bezpera berreskuratzeko ahalegin berezia egin dute eta Bizente Goikoetxea abesbatzaz aparte, bertso eskolakoek eta beste hainbat herritarrek hartuko dute parte. Otsailaren 2an egingo dute ospakizuna: "Otsailaren 4an askok eskola edo lana dute eta horregatik zapatuan egingo du Santa Ageda batzea", adierazi du Bittor Kortabarria abesbatzako presidenteak.

Esandako moduan, otsailaren 2an irtengo dira kantuan, auzoz auzo. 10:30ean elkartuko dira eta Matxin kaletik abiatuz honakoa izango da ibilbidea: Solaia, Maskaño, Ibabe, Araneko Errota, Arane, Goiko Errota eta, 13:30ak aldera, Iturrietara bazkaltzera. Bazkalostean Arragako baserrietan hasiko dute ibilbidea eta handik beherantz egingo dute: Basauti, Errota Berri, Zalgo. Amaitzeko Ibarrara jaitsiko dira azken saioa egiteko, 18:00ak aldera. Eguna borobiltzeko mokadutxoa egingo dute Kultur etxean. 

Espero baino harrera hobea

Deialdiak espero baino harrera hobea izan du. Manex Agirre bertso eskolako kidearendako sorpresa atsegina izan da: "Espero baino harrera hobea izan du. Adin ezberdinetako jendea dabil eta hori oso garrantzitsua da. Santa Ageda indartsu irtengo da aurten". Bertsolarien ekarpenak egunari "beste kolore" bat emango diola uste du Agirrek: "Santa Agedako ohiko koplaren doinua aprobetxatuz eta guztiek leloa abesten duten bitartean, bertso eskolako nagusioak inprobisatu egingo dugu. Eskolako gazteenek ere abestuko dute, paperean prestatu dituzten koplak abestuz".  

Entseguekin "oso pozik"

Atzokoa hirugarren entsegua izan zen: "Jende mordoxka elkartu gara eta oso ondo doaz entseguak. Oso pozik gaude denok; oso animatuak izaten ari dira", dio Kortabarriak.  Santa Ageda bezpera indarberrituta dator, beraz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak