Aguraingo Koadrilako eta Bilduko Gustavo Fernandez eta Lierni Altunak adierazi zutenez, teknikari horiek "funtsezko papera" jokatzen dute euskara sustatzerako orduan: "Udal ezberdinetako ahaleginak koordinatu eta bitartekoak konpartitzen dituzte. Udalek, bestela, ezin dute bakarrik eta euren kabuz programa batzuk garatu edota teknikari batzuk izan".
Diputazioak, "arazoak besterik ez"
Koadrila mailako teknikariak bermatzeko, baina, finantziazioa behar da: "Aldundiak finantziazioa eta bitartekoak murriztu ditu, arrazoirik gabe eta ondorioei erreparatu gabe. Iaz, Aldundiak euskararekiko ekarpena heren batean murriztu zuen eta geratzen zen apurra erdira murriztu nahi du Foru Gobernuak. Horrez gain, diru-laguntzak jasotzeko deialdia egiteko data ez dute zehaztu", salatu dute.
Egonkortasun eske
"Urtetan toki erakunde ezberdinetatik euskararen alde eraikitzen joan den azpiegitura bertan behera uzteko PP-ren saiakera honen aurrean, Agurain eta Zuiako koadrilak aurtengo finantziazioa mantentzeko alde agertu dira eta deialdia lehenbailehen egiteko eskaera luzatu dute", diote prentsa oharrean. Horrez gain, egonkortasuna eskatu dute datozen urteotan lanpostu horiek bermatu ahal izateko.
Etorkizunari begira, euskararen normalizazioan aurrera egiteko urratsak emateko bitarteko eta finantziazio gehiago duela argi ikusita Aldundiari horri erantzuten hastea eskatu diote. Azkenik, Udalekin, euskara talde eta euskaltzaleekin harremanetan jarriko direla aurreratu dute euskararen normalizazioan aurrera egin eta Aldundiaren itxikeria gainditzeko elkarlanean bultzatu ditzaketen ekimen guztiak sustatzeko asmoarekin.