Zergatik aurkeztu zenuen zure burua zinegotzi izateko zerrendetan?
Herriaren alde lan egiteko gertu nengoen eta lau urteko konpromisoa hartu nuen. Euskararen aldeko lana nuen buruan sartu aurretik, baina banekien herri txiki bateko Udalean denetarik egitea tokatzen dela. Ez nuen erabaki politikan sartzea, herriaren alde lan egitea baizik.
Euskara eta Hezkuntza batzordeko ardura eraman zenuen, ezta?
Hala da. Garai hartan EAJko Iñaki Nafarrate zen alkatea eta batzordeen banaketa egiterakoan Euskara eta Hezkuntza batzordeko buru izatea aukeratu genuen. Beste batzorde batzuetan ere bagenuen ordezkaritza, baina buru, sail horretan bakarrik.
Nolakoa zen alderdien arteko harremana, nolakoa udaletxeko giroa?
Egunerokoa ez zen alderdien arteko harremana, pertsonen artekoa baizik. Zinegotzien arteko harreman hori ona zen. Giroa politika gordinak kaskartu zuen; erabat politikoak ziren gaietan oso ikuspuntu ezberdinak genituen. Adibidez, atentatu bat zegoenean gaitzespena eskatzen zitzaigun behin eta berriz; guretzat gaitzespen soila ez zen konponbidea. Herrigintzatik kanpo dauden gaietan sortzen ziren tirabirak; osoko bilkuretan horiek ziren eztabaida sortzen zuten gaiak gehienetan. Kasu askotan alderdietako zuzendaritzatik zetozen dokumentuak eztabaidatzen ziren eta horietan ez zegoen akordiorik, jarrerak oso kontrajarriak zirelako. Alde hori da gogoratzen dudan txarrena: politika gordinak eragiten zituen tentsio uneak.
Giro horrek eragin zuzena izan al zuen Udalaren jardunean?
Argi utzi behar dut alkatetza EAJrena bazen ere, nire batzordean ez nuela oztoporik izan beharrezkoak ikusten nituen ekimenak aurrera eramateko. Herrirako planteatu nituen proiektuetan ez nuen arazorik izan. Izan ere, herri txiki bateko zinegotzi izanda herrirako benetan lan egiten baduzu, nahiz eta oposizioan egon, oso zaila da ondo landutako proposamen bat atzera botatzea. Lana eskatzen du, hori bai. Nire kasuan euskara teknikari moduan egun erdiz nenbilen lanean, baina beste erdi edo gehiago ematen nuen udaletxean.
Zeintzuk izan ziren abiarazi zenituzten proiektu nagusiak?
Orain ikusten dut euskara arloan orduan abiarazitako ekimenek bere horretan jarraitzen dutela. Alde batetik poza sentitzen dut, ondo egindako lanaren fruitu direlako. Ordukoak dira udaleku irekiak, ludoteka Kultur etxearekin batera zabaltzea, Aramaioko euskara jasotzen duen liburua, horren arrakastatsua den eta etxe guztietara heltzen den egutegia... Orduan Udaleko euskara kontuak eramateko ikusi genuen oso tresna baliagarria izango zela euskara elkarte bat egotea; bada, Txirritolaren sorrera fasea bideratu genuen. Era berean, baina, esan behar dut aldaketa batzuk ez liratekeela gaizki etorriko.
Nolako esperientzia izan zen?
Lan asko egin bai, baina asko ikasi nuen. Administrazio kontuetan asko ikasi nuen eta jende berri asko ezagutu, denetarikoa: euskalgintzakoa, herritarrak, erakundeetakoak... Harremanetarako esparru bat da Udalen lan egitea, eta hor asko ikas daiteke. Hori zuretzat geratzen da. Lan egiteko sartzeko asmoa duenari gomendatuko nioke: objektiboa eta arrazionala izanez gero lan ederra egin daiteke herriaren alde. Niretzat oso aberasgarria izan zen. Era berean, esan behar dut lau urteko zikloa motz geratu zitzaidala. Lau urte ez ziren nahikoa izan esku artean genituen proiektu guztiendako.
Agintaldiaren amaiera zaila izan zen. Nola gogoratzen ditu une haiek?
Ilegalizazioen garaia hasi zen orduan, tragikoa izan zen. Hurrengo hauteskundeetarako zerrendaburu moduan nindoan; besteren bat deseatzen egongo zen agintaldia amaitu eta lekukoa uzteko, baina nik asmoa nuen herriaren alde lan egiten jarraitzeko. Pena handia izan zen.