Gaur hasiko da Arabako Bertsolari txapelketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urt. 25a, 10:00

Gaur hasiko da 2013ko Arabako Bertsolari txapelketa. 30 bertsolari lehiatuko dira, bost kanporaketetan banatuta: Lanteno (gaur), Elosu (domekan) eta Agurain (otsailak 1), Laudio (otsailak 2) eta Lantziego (otsailak 3). Finalaurrekoak Izarran (otsailak 16), Aramaion (otsailak 23) eta Dulantzin (martxoak 2) jokatuko dira eta final handia, azkenik, martxoaren 16an (17:30), Gasteizko Printzipal antzokian.

Zapatuan egin zuen 2013ko Arabako Bertsolari txapelketa, Abornikanoko Abel Enbeitaren baserrian. Aurkezpenaren lekua ondo aukeratu zuten; izan ere, bertsolari eta bertsozaleen sorgunea izan da baserri hori. 1982.urtean bertara hurbildu ziren Martin Imentza, Xabi Rico, Amaia Otsoa, Txipi Ormaetxea eta Rikardo Gonzalez de Durana, Gasteizen bertso-eskola bat sortu nahi eta Abel Enbeitaren laguntza behar zutelako. Hogeita hamaika urte ondoren 45 bertsozale eta bertsolari baino gehiago elkartu ziren txapelketa aurkezteko.

Orotara 30 bertsolari lehiatuko dira, 5 kanporaketetan banatuta: Lanteno, Elosu (urtarrilak 25 eta 27) eta Agurain, Laudio eta Lantziego (otsailak 1, 2, 3). Finalaurrekoak Izarran (otsailak 16), Aramaion (otsailak 23) eta Dulantzin (martxoak 2) jokatuko dira. Finala martxoaren 16, larunbata, 17:30ean Gasteizko Printzipal Antzokian.

Kanporaketak bazkari edo afari formatuan jokatuko dira eta prezioa 20 euro izango da. Finalaurrekoak jaialdi formatura aldatuko da eta sarrerak 6 eurotan –bazkideek lau euro– salgai jaarriko dira takilan bertan. Finalerako sarrerak aurretik salgai jarriko dira www.bertsosarrerak.eu webgunean, hamar eurotan (7 eurotan bazkideak eta 3 eurotan 16 urte behekoentzat)

Aurtengo leloa, 'Lotu!' 

Lotu! izango da aurtengo leloa eta bertsolari gazte baten detailea txapelketako irudia. Ekaitz Elorriagak Arabako Bertsozale Elkartearen lehendakariak adierazi duen bezala txapelketak urte guzti hauetako bertsozaleak lotzeko balio izan du. Garai ezberdinetako gazteen artean lotura egon da azkeneko 30 urte hauetan, Arabako bertsolaritza etengabe berritu da eta gaur garena gara izan direlako. Bertsoaren bitartez transmititu da lotura hori eta bertsoa eskaintzen dugu Arabako euskaldunekin lotzeko.  

Eskertu zien parte hartzaile guztiei etengabe egiten duten lan boluntarioa. Hori gabe ez zen posible izango bi urtean behin antolatzen den txapelketa hau. Nabarmendu zuen Arabako bertso-eskolen papera, kolektiboan egindako lanak Arabako Elkartea indartzeko balio duela adierazi zuen eta horrekin bertsozaletasuna Araban.

Aipamen berezia egin zien txapelketa eta bertsolaritza egitasmoak finantzatzen dituzten Arabako herrietako udalei  eta mezu zuzen bat transmititu zien instituzio publiko handiei benetako apustu politiko bat egiteko euskara, kultura eta bertsolaritzaren alde. 

Beste aldetik, Abel Enbeitak gogoratu zuen nola 1982an bost ausart etorri ziren bere etxera laguntza eske, bertso-eskola bat sortu nahi zuten Gasteizen.

Jarraipen zabala webgunean

Arabako Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak gogoratu zuen elkartearen webgunean aurki daitekeela txapelketari buruzko informazio guztia eta bertan egingo dela jarraipena: www.arababertsozale.org

 

Urtarrilaren 25ean hasi eta martxoaren 16an amaitu

Txapelketa urtarrilaren 25ean Aiarako Lantenon hasiko da eta martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian bukatuko da.

30 bertsolari, 16 gai-jartzaile, 7 epaile

Bertsolariak: Asier Otamendi, Xabi Igoa, Unai Mendibil, Irati Anda, Maria Izaga, Orlando Arreitunandia, Iñaki Viñaspre, Beitto Martinez, Rikardo Gonzalez de Durana, Paula Amilburu, Maialen Saez de Okariz, Xabi Lopez de Santiago, Oihane Perea, Ruben Sanchez, Felipe Zelaieta, Andere Arriolabengoa, Iker Olabarrieta, Jon Ruiz de Pinedo, Ander Solozabal, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Beñat Oribe, Iker Pastor, Jagoba Apaolaza, Manex Agirre, Zigor Enbeita, Juan Mari Juaristi, Ainhoa Comas, Unai Bengoetxea eta Iñaki Tena. (Beltzez Aramaiokoak diren bertsolariak).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak