Gosek ireki du txotx denboraldia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urt. 17a, 22:52

"Ohore eta plazer bat da guretzat gaur hemen egotea. Gipuzkoarrek uste dute Gipuzkoan bakarrik egiten dela sagardoa, baina hemen ere badago; ez dago zertan haraino joan behar, hemen sagardo ederra dugu. Egarri ere bagara eta beraz, bagoaz txotx! egitera". Hitz horiek izan ditu Ines Osinaga Goseko abeslariak Arabako sagardo berria dastatu ostean. Aurten ere goraino bete da –Gasteiztik etorritako autobus bat eta guzti– Aramaioko Iturrieta sagardotegia txotx! denboraldiari hasiera emateko. 

Txalaparta doinuekin hasi da denboraldi berria estreinatzeko ekitaldia. Gero, Aramaioko Manex Agirre eta Xabi Igoa bertsolariek bertso bana kantatu dute eta ondoren Juan Jose Peciña Iturrietako sagardogileak hartu du hitza: "Inoiz ez dut berbaldia prestatzen eta aurtengoa ez da ezberdina izango. Arabako sagardogileen ordezkaritza hemen dugu eta baita Goseko musikariak ere. Eskerrik asko etortzeagatik eta ondo pasa!".

"Publiko orokorrarendako sagardoa"

Sagardoaren gainean honakoa adierazi du Iturrietako sagardogileak:"Edateko oso erraza da; publiko orokorrarendako sagardoa da. Suabeagoa, erraza. Gure helburua da sagardo munduan jende asko sartzea eta gerturatzea, publiko guztiarendako sagardoa egitea". Peciñak 16 urte daramatza Iturrietan, eta krisi garaia den arren, euskaldunok sagardo denboraldiari erantzun ona emango diogula uste du.

Peciñaren berbaldi motzaren ostean Ines Osinaga Goseko abeslariak ireki du kupela. Arabako sagardoa aldarrikatu du Osinagak. Gero herritar guztiek hiru kupeletako sagardoa dastatzeko aukera izan dute, giro ederrean. Jatekorik, noski, ez da falta izan.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak