2013ko aurrekontuetarako herritarrei iritzia eskatzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abenduaren 21a

Udalak herritarrekin batera onartu gura ditu 2013ko aurrekontuak. Parte hartze prozesua asteon hasi dute, martitzenean auzo alkateekin eta herriko eragileekin egindako aurkezpenarekin.

Ramon Ajuria alkateak adierazi du Udalaren asmoa dela herritarrek diru-kontuen gaineko "informazio zehatza" izatea: "Aramaioarren iritzia gura dugu aurrekontuak onartzeko eta horretarako informazioa ezinbestekoa da".

Zirriborroa prestatu dute eta hor jasotzen dira, besteak beste, Udalak 2013ra begira aurreikusten dituen proiektuak: Muruko saneamendu obrak, Ibarra auzoko argiteria publikoa berritzea, Berdintasuna Plana, ABB fundazioa bultzatzea, webgune berria abiaraztea, eskolako baranda berritzea, artxibo berria martxan jartzea eta Uema Eguna Aramaion antolatzea, besteak beste.

Osokora, urtarrilaren 30ean

Abenduaren 31ra arte auzo bilerak egingo dituzte; hilaren 31a izango da herritarrek proposamenak egiteko azken eguna. Urtarrilaren 5ean lehen zirriborroa aurkeztuko da eta astebete beranduago ideia eta konponbideak emango dituzte. Azkenik, urtarrilaren 30ean egingo dute aurrekontua onartzeko ohiko osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak