Hasteko, nola joan dira lehen egunak Aramaio aguazil moduan?
Egun arraroak izan dira. Dena berria delako, batez ere. Arrasaten izandako lanarekin ez du zerikusirik. Han udaltzaina nintzen eta hemen aguazila naiz. Hemen ere herriari laguntzeko egongo naiz, baina lanak oso ezberdinak dira. Herriaren mantenu lanak dira gehiago.
Gainera, lehen egun hauetan ikusi dudanez, ardurak ez daude horren banatuta; nolabait esateko, eginbeharrak denon artean egiten dira.
Izango dira, baina, zuretako propio diren betebeharrak, ezta?
Noski. Oraindik erabat zehaztu barik badaude ere, adibidez, aparkatzeko ohiturak aldatu nahi dira. Baina ez gara egun batetik bestera isunak jartzen hasiko. Baina gaizki aparkatutako autoengatik arazoak izaten diren guneetan abisuak emango dira.
Bestalde, mezulari lanak ere egingo ditut; Udalaren jakinarazpenak auzoetara zabaldu, esaterako. Osoko bilkurak direnean abisua eman, obretako tasak kobratzen lagundu, ur kontagailuaren kontrola eraman... Eta gero, noski, unean bertan suertatzen diren larrialdiei irtenbidea ematen saiatu. Denetarik egin beharko dut eta beraz, asko dago ikasteko.
Nola heldu zara aguazil izatera?
Oposaketa ez zuen inork gainditu baina Udalak norbait behar zuen. Hala, Udalak Arrasateko lan-poltsako zerrenda eskatu zuen eta ni nengoen lehen postuan. Deitu egin ninduten eta ideia gustatu zitzaidanez, hemen nago.