Atzo 75 urte frankistek Jose Mari Azkarraga Mozo Lurgorri erail zuten eta senideek omenaldia egin zioten Aramaion. "Omenaldi honekin, Lurgorri bakarrik ez, Aramaion eta inguru honetan gorpuztu zen mugimenduan ibili ziren gazteak eta ez hain gazteak omendu gura izan ditugu. Beraiek defendatu zuten gure herria", azaldu zuen Lurgorriren iloba Josemari Velez de Mendizabalek omenaldian, eta minutu erdiko isilunea eskatu zien bertaratu zirenei.
Etxekoen omenaldia
Derioko kanposantuko hormaren kontra erail zuten Lurgorri frankistek, 1937ko abenduaren 16an, 21 urte zituela, eta familiak omenaldia egin zion. Lurgorriren ilobak eta birbilobak elkartu ziren, besteak beste, atzoko ekitaldian.
Omenaldia, bere izena daraman kalean dagoen oroitarrian egin zuten, eguerdiko ordubatean. Oroitarriaren bueltan, ikurriña bat jarri zuten lehenengo. Oier Azkarraga birbilobak, Lurgorriren bizimodua nolakoa izan zen irakurri zuen ondoren eta segidan, aurreskua dantzatu zuen Gotzon Azkarraga ilobak, txistulari batek lagunduta. Bukatzeko, klabelin gorriak banatu zituzten omenaldira joan zirenen artean, eta oroitarriaren ondoan utzi zituzten lorak, banan banan.

Gudari jeltzalearen senideak ez ezik, hainbat aramaioar ere egon ziren omenaldian, tartean, Julian Unzueta demokraziako Aramaioko lehenengo alkatea, Iñaki Nafarrete alkate ohi jeltzalea eta egun zinegotzia dena Aramaioko udalean, eta baita Aramaioko zenbait jeltzale ere, Jesus Zabala tartean.
Abertzale eta euskalduna
Oier Azkarragak omenaldian kontatu zuen moduan, "familia abertzale eta euskaldun batean jaio zen Lurgorri, eta gazte zela sortu zitzaion bere herriaren kulturarekiko grina. EAJko afiliatua zen, eta Madrilen zegoela zuzenbide ikasketak egiten, euskal prentsan idazten hasi zen, artikuluak Lurgorri ezizenaz izenpetzen zituelarik. Frankisten altxamenduak, 1936ko uztailaren 18an, Aramaion harrapatu zuen, eta alderdiaren esanetara jarri zen. Honela, Aramaion eta Leintz bailaran gorpuztu zen Amaiur batailoilaren hastapena izango zena lantzen hasi zen. Euzkadi aldizkariarendako idatzi zituen gerrako kronikak. Santoñako El Dueso kartzelan sartu zuten, eta heriotzera kondenatu. Preso zegoela, Espetxean izeneko aldizkari klandestinoan idatzi zuen. Azken artikulua, 1937ko abenduaren 8an idatzi zuen, urte bereko ekainean erail zuten Esteban Urkiaga Lauaxetari buruz".
Aramaioko jertsea soinean
Lurgorri Errenterian jaio zen, baina lotura estua zuen Aramaiorekin. "Errenterian jaio zen ama hangoa zelako. Gazte zela, gurasoek Aramaion egin zuten etxe bat eta hemen denbora asko pasatzen zuen. Madrilen zegoen garaian ere, hemen pasatzen zituen udako oporraldiak eta baita asteburu asko ere. Aramioartzat zuen bere burua. Hil baino minutu batzuk lehenago, berarekin ziegan zegoen Zirilo Mondragon aramaioarrari eskatu zion bere jertsea uzteko, Aramaioko jertsearekin hil gura zuelako", argitu du Josemari Velez de Mendizabalek.