Goio Arana: "Adela, geurea"

Leire Kortabarria 2012ko abenduaren 14a

Asteleheneko Goiena aldizkarian, Aramaioko Adela Ibabe andereñoa zenaren gaineko kontakizun hunkigarria irakurtzeko aukera izango duzue. Goio Arana Huheziko irakasleak idatzi du ilaket.wordpress.com blogean. 

Olerkiak eta abestiak inspiratu dituen emakume baten historia kontatzen du Goio Aranak. Honakoa dio: "Mutiko koskor bat nintzen Adela hil zenean, baina  oso barruan geratu zitzaidan ikastolako andereñoari gertatutakoa: hain zen dena iluna eta ulergaitza! Adelaren istorioa kontatuta, bete dut nire buruari aspaldi jarritako eginbeharra". 

Izan ere, Adela andereñoaren bizitza eta heriotza "oso gureak" direla esaten du blogariak.

1973an hil zen 

Hona hemen Goio Aranak dioena: "Adela Ibabe 1973ko otsailaren 11n hil zen. Urte haietako beste ehunka emakumeren moduan, aramaioarra zendu zen abortu klandestino baten ondorioz. Franco hil aurreko garai gogor eta nahasi haietan, gazte arabarraren heriotzak sekulako lurrikara eragin zuen Euskal Herrian: Adela ezkongabea zen, ikastolako andereño kaleratua, baserritarra, gorria… Gabriel Arestik gordintasun osoz islatu zuen gertaera hura Adela izeneko omenezko olerkian. Hitzok abesti bilakatuta, Oskorrik eraman zuen haren lekukotasuna plazarik plaza. Laster, 40 urte beteko dira".

Erabaki "garestiak" 

Aranaren esanetan, "oso garesti ordaindu zituen Adelak bizitzan hartutako zenbait erabaki. Galdu zuen lehenengo lana eta geroago bizia, herria, berria eta gorria izateagatik. Baina emakume izateagatik ere izan zen biktima: errepresio sozial eta sexualaren biktima. Hura moduan, milaka emakume hil zen antzeko egoeratan hamarkada haietan. Gaur egun ere, munduan barrena, emakume asko eta asko hiltzen da legez kanpo eta modu txarrean egindako abortuengatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak