Frankistek 'Lurgorri' erail zutela 75 urte beteko dira domekan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abenduaren 13a

1937ko irailean heriotz zigorrera kondenatu eta 1937ko abenduaren 16an fusilatu zuten Derioko kanposantuko hormaren kontra. Domekan 75 urte beteko dira Jose Mari Azkarraga Mozo, 'Lurgorri', erail zutela.

Aramaiorekiko lotura ezin hobeto islatzen du honako bitxikeriak: "Zirilo Mondragon aramaioarra nire osabarekin batera zegoen ziegan. Guardiak haren bila joan zirenean, nire osabak Zirilori bere jertsea eskatu zion, Aramaiokoa zelako. Jertse horrekin fusilatu zuten; azken unera arte Aramaio barruan eraman zuen", adierazi digu Jose Mari Velez de Mendizabalek, Lurgorri-ren ilobetako batek.

Haren lana goraipatzeko lehen ekitaldia, 1976an

Gerra garaian familia osoak alde egin behar izan zuen eta Franko hil ostean, 1976an, mugimendu bat sortu zen Lurgorri-ren lana eta figura aldarrikatzeko: "1935ean osabak Madrildik egindako lana goraipatu gura izan zuten. Izan ere, haren aldarrikapenetako bat izan zen Euskal Herriak bere unibertsitatea izatea.

Bada, 1976an osabaren aldeko lehen ekitaldi publikoa egin zen Gasteizen; han izan zen, besteak beste, Koldo Mitxelena, gerora lehen errektorea izango zena", dio Velez de Mendizabalek. 

Eragile eraginkorra

EAJn aritu zen gudaria, politikaria eta gerrako berriemailea. Baina batez ere euskal abertzaletasunaren eragile nabarmena izan zen Lurgorri: "Ondokoengan eragin handia zuen, eragile ikaragarria zen. Hizlari ona, mutil ederra –hainbat emakumek berretsi didate hori– eta bere inguruan talde polit bat eratzeko gai izan zena".

Erail zutenean 21 urte eskas izan arren ibilbide aberatsa izan zuen. Haren lorpenetako bat izan zen, esaterako, Tellamendiko gurutzea: "Eskaera egin zuen eta lagunekin batera jaso zuten gurutzea Tellamendira, 1935ean".

Madrilen ikasia, eta abertzalea

Madrilen ikasi arren, abertzalea zen: "Aramaioar asko harritu ziren Madrildik ikasketekin zetorren tipo bat abertzalea zela eta harekin konta zitekeela ikustean. Hau da, abertzaletasuna ez zen lau baserritarren arteko kontua".


2003an Aramaiok omenaldi ofiziala egin zion eta orduan kale bat eskaini zitzaion. Etzikoa, baina, ekitaldi xume bat izango da. Familiak antolatu du, Udalarekin edo EAJrekin kontatu barik: "Gogoratuko dugu 75 urte betetzen direla erail zutenetik. Lehengusu batek dantza egingo dio eta Joseba Azkarraga ilobak ere berba egingo dugu. Lurgorri eta haren inguruan aritu zirenak gogoratuko ditugu". Herritar oro dago gonbidatuta; 13:00etan izango da, haren omenezko oroitarrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak