Mikel Muñoz: "Parte hartzea altuagoa izan zitekeen arren, urteak eman duenarekin pozik gaude"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abe. 10a, 11:37

Duela bospasei urte sartu zen Mikel Muñoz (Aramaio, 1987) Orixol elkartean. Egun diruzaina da. Hala ere, azaldu digu lanak ez daudela erabat banatuta: "Denok egiten dugu ahal duguna, ahal dugunean". Belaunaldi aldaketa bermatzeko sartu zen elkartean; gustura hartu gaitu euren egoitzan, Kultur etxean.

Hasteko, zenbat bazkide ditu egun Orixol mendizale elkarteak?
180 inguru. Horietatik 100 bat federatuta daude. Orain bertan, gainera, bazkide eta federatu kanpainarekin ari gara. Lehenik eta behin kanpainaren berri ematen diegu bazkideei eta gogora ekartzen diegu orain dagoela aukera 2013ra begira aldaketaren bat egin gura badute aldaketa hori egiteko. Eskaerarik egiten ez duenak lehengo egoera berean jarraituko du datorren urtean.

Hala, aldaketarik egin gura duenak abenduaren 10erako [gaur] egin beharko du aldaketa. Epez kanpo datozenei salbuespen batzuk egin izan dira baina komeni da dena epe barruan egitea.

Nola baloratzen duzue 2012a ekintzei dagokienez?
Balorazio orokorra ona da, jendeak parte hartu du. Beti ere parte hartzea altuagoa izatea nahi duzu, baina pozik gaude. Antolatzen ditugun probetan-eta dirua galtzen dugu normalean baina urte amaieran ondo egoten bagara, aurrera.

Ekintzak urterokoak dira: eski irteera, Piriniotara irteera eta Aitor Aranaren omenezko martxak ez dute hutsik egiten. Sagardotegian bazkaria ere egiten dugu baina aurten berandu ibili gara eta ez dugu egin. Era berean, aurten erreka garbitu dugu, bi urtean behin egiten den ekintza. Amaitzeko, azaroaren 30ean Alex Txikon etorri zen Sastiñara.

Azken bi ekintza horiek harrera ona izan dute, ezta?
Bai. Erreka garbitzeko agertu zen nahikoa jende eta eguraldiak eutsi zuen. Garbitu ostean hamarretakoarekin hasi ginenean hasi zen euria.
Txikonen bideo emanaldia ere ederto irten zen, 80 bat lagun elkartu ginen. Eta noski Txikon, ohi moduan, berba egiteko gogoz etorri zen.

Nolakoa da harremana Udalarekin? Diru-laguntza ematen dizue?
Harremana ona da. Zerbait eskatzen dugunean ematen digute edo laguntzen saiatzen dira, eta alderantziz. Diru-laguntza urtero ematen digute eta gainera, Arabako federaziotik ere jasotzen dugu laguntza.

Nola dago Orixol diru aldetik?
Betiko antzera. Egia esan, krisia ez dugu larregi nabaritu. Diru-laguntza batzuk kendu dituzte baina urte amaierara ondo heldu gara. Probetan-eta normalean dirua galtzen badugu ere, aurten ondo irten zaizkigu gauzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak