Euskararekin eta komikiarekin gozatzeko eguna gaur San Martin eskolan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko abenduaren 3a

Euskararen Eguna da gaur eta Aramaion ere ez da egun berezi hau oharkabean pasako. San Martin eskolan euskarazko komikia izango da gaur erabateko protagonista; komiki tailerra dute goizean zein arratsaldean. Ainara Aspiazu (Hernani, 1980) tailerreko irakasleak esan digunez, helburu nagusia da haurrek euskararekin eta komikiarekin goza dezatela. Ikasleak oso gustura dabiltza Euskararen Egunaren gainean margotzen.

"Ikasle talde bakoitzarekin komikiaren osagai nagusiak errepasatu ditugu. Gero, proposatu diogu komikia euskaraz egitea, Euskararen Eguna gai moduan hartuta. Ikasle bakoitzak komiki tira bat egiten du eta baita pertsonaia bat sortu ere. Sekulako gogoa jartzen dute eta oso gustura ikusten zaie", adierazi du Aspiazuk.

Bihar, Marikalanbre

Euskararen Eguna dela-eta antolatutako ekintzak ez dira gaur bukatu. Bihar, Irrien Laguneko kide den Marikalanbreren bisita izango dute goizean 3 eta 7 urte arteko ikasleek, Udal liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak