Lepo bete da aretoa batzokiaren liburuaren aurkezpenean

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko abenduaren 1a

Aramaioko kultura etxea lepo bete da goizean Josemari Velez de Mendizabalek idatzi duen 'Aramaioko batzokia: 100 urte' liburuaren aurkezpenerako. Aramaiokoekin batera, bailarako gainerako herrietako ordezkaritza zabala batu da, tartean gaur egungo zein lehenagoko EAJko zenbait zinegotzi. Dena den, gonbidatu izarra Iñigo Urkullu lehendakarigaia izan da.

Aurten bete dira 100 urte alderdi jeltzaleak batzokia ireki zuela Aramaion, eta Jesus Zabala Aramaioko Uri Batzarreko lehendakariak aurkezpen ekitaldia zabaltzeko esan zuen moduan, "hori ospatzeko" elkartu ziren. Araba Buru Batzarreko idazkariak Roman Berriozabalek Arabako EAJri buruzko ikerketa lana egin du eta "horrek gogoratu digu mendeurren hau", esan zuen Zabalak. Bestalde, Velez de Mendizabal ere lan horretan oinarritu da, besteak beste, Aramaioko batzokiari buruzko liburuxka idazteko.

1912an ireki zuten batzokia

Josemari Velez de Mendizabalek azaldu zuenez, 1912an ireki zuten Aramaioko batzokia, karlistak nagusi ziren garaian; "Aramaio eta karlistak sinonimo ziren", esan zuen. Baina herrian bazegoen indar abertzalea eta handik sortu zen batzokia: EAJ alderdia 1908an sortu bazen, handik lau urtera bazegoen batzokia Aramaion. Garaiotako izen propioak azpimarratu zituen Velez de Mendizabal idazle aramaioarrak eta urteotako zenbait pasarte azalduaz Primo de Riveraren diktadurarekin amaitu zuen kontakizuna. Eta Iñigo Urkulluk hartu zuen hitza.

"Letra handiz idatziko den aroa"

Lehendakarigaiak  Velez de Mendizabalek emandako ikuspegitik abiatuta hasi zuen hitzaldia eta ariketa proposatu zien entzuleei: historia nork egiten duen pentsatzea, hain zuzen. "Batzokiaren mendeurrena ospatzen ari garen honetan begirada atzera bota eta konturatuko gara historia pertsonek egin dutela", esan zuen, "eta orain gu ari gara historia egiten" gehigu zuen. "Duela mende bat historia idatzi zuten moduan, gu ere idazten ari gara". Eta horren harira, "aldi politiko berri baten atarian" gaudela esan zuen: "Letra handiz idatziko den aro batera hurbiltzen ari gara, eta horren sinesmena dut; hainbatetan amestu dugun garaira". 

Zentzu horretan, "EAJ osatzen dutenek ez dutela "ahaztuko", esanda, "orain garrantzitsuena aurrera begiratzea" dela azpimarratu zuen, "letra handiz idatziko den politika egiteko garaia" dela, "askatasunarekin eta demokraziarekin ideia guztiak askeak" direla "erakusteko eta gauzatu ahal izateko garaia".

Iparra, interpretatzen jakitea

Alderdi jeltzalearendako garrantzitsuena zer den ere ekarri zuen gogora Urkullu lehendakarigaiak Aramaion: "EAJrendako garrantzitsuena da jakitea interpretatzen zintzo eta argi herri honek nahi duena". Eta gogora ekarri zuen Jose Antonio Agirre zenak ere hori esaten zuela. "Hori da gure iparra hasiko dugun ibilbidean", esan zuen, "herritarren gogo eta ardurei erantzuten jakitea".

Hiru erronka

Herri gisa hiru erronka nagusi ditugula esan zuen. Batetik, "krisitik ateratzea ahalik eta sendoen". Bestetik, "bake giro hau sendotu ahal izatea, bizikidetza jorratu ahal izatea". Eta azkenik, "herri gisa status politiko berria lortzea autogobernuaren etorkizunerako, inoren inposaketarik gabe". Hain justu, azken horren harira zera gehitu zuen: "Euskadiren errekonozimendua nahi dugu Europako nazio moduan".

Erronka horiei "konfiantzaz eta itxaropenez" aurre egingo dietela ere nabarmendu zuen eta gehitu zuen: "Konfiantza zuek ematen diguzue, gaurko liburua da horren adibide garbia. Gaurko ekitaldian garrantzitsuena da liburuak sinbolizatzen duen izpiritua, EAJren izpiritua hain zuzen, iraganera begiratzen duen alderdiarena, geroa hobetzeko".  "Euskadiren abangoardia gara" esan zuen, "eta horretarako atzetik babes sendoa izan behar da, eta guk badugu, liburu honetan jasota dagoena da horren adibide". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak