Aramaioko abertzaletasunaren jatorria hizpide duen liburuaren aurkezpena bihar

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 30a

Duela 100 urte, 1912an, sortu zen batzokia Aramaion. Araba osoan ireki zen hirugarren batzokia izan zen. Bada, urteurren berezia aitzaki Aramaioko Uri Buru Batzarrak liburu bat egiteko eskatu zion Jose Mari Velez de Mendizabal Aramaioko seme kutunari. Eguaztenean ikusi zuen argia liburuak: Aramaioko batzokia: 100 urte. Bihar aurkeztuko da liburua, Kultur etxean (12:00). Iñigo Urkullu lehendakarigaiak hartuko du parte aurkezpenean.

Atzo egin genuen hitzordua liburuaren egilearekin eta Aramaioko Uri Buru Batzarreko Jesus Zabala eta Mertxe Mondragonekin. Egilearen arabera, liburuaren ardatza Aramaioko abertzaletasunaren jatorria da. Izan ere, liburuaren ondorioetako bat da garai hartarako Aramaion indar abertzalea bazegoela: "Sorreran bertan askoz afiliatu gehiago zeuden Aramaion Gasteizen baino". 1912 eta 1915 bitartean 80 bat afiliatu zeuden. Hori bai, indar hori gutxiengoan zegoen, izan ere, Aramaion eta Euskal Herrian, oro har, karlismoa zen nagusi.


Karlismoaren eta jeltzaleen arteko harreman txarraren adibide da honako bitxikeria: "Jeltzaleek begiz jota zuten batzokia zabaltzeko lokal bat eta 1912ko uztailaren 25ean inauguratu gura zuten. Baina karlistak asmo horien berri jaso eta lokala erosi zuten, batzokirik ez izateko. Izan ere, garai hartan karlistak edo jaimistak ziren boterean zeudenak eta erositako lokal horretan zentro katolikoa sotu zuten". Lokala duela gutxi itxitako Kukuena denda zen.

Ideologia jeltzalea oso goiz

Velez de Mendizabalen arabera,  "bitxia" da EAJ 1908an sortu bazen lau urtetara Aramaion batzokia irekitzea: "Lau urteko tartea besterik ez, azkar ireki zen batzokia Aramaion. Hori harritzekoa da geografikoki bailara estu eta galdu baten gaudela kontuan hartzen badugu. Beraz, berehala heldu zen Aramaiora Bizkaiko Sabino Aranaren ideologia hura".

Informazio bilketa, "oso zaila"

Liburua egiteko informazioa nola bildu duen argitu digu egileak: "Lan oso zaila izan da, 1912ko albisterik ez dugulako. Urte hura nolabait girotu egin behar izan dut eta horretarako 20 bat urte egin dut atzera, XIX. mendeko azken urteetara, Aramaioko giro politikoa nolakoa zen jakiteko. Gero, 1912tik aurrera luzatu egin naiz 1923ra arte, hain zuzen Primo de Riveraren diktadurak udalak disolbatzen dituenera arte".

Batzokiaren material grafikorik ez dago eta, informazioa lortzeko orduan, Roman Berriozabal Arabako Uri Buru Batzarreko kideak aurrez egindako lana aprobetxatu du egileak: "Ikerketa lan bat eginda zuen eta lan horretan oinarritu dut batez ere ikuspegi orokorra. Gero, Aramaioko giroari forma edo itxura emateko udal aktetan arakatu dut. Eta, bestalde, hemeroteka ezberdinetan ere ibili naiz informazioa apur bat jasotzen". 

Aramaioko Uri Buru Batzarreko Jesus Zabalak adierazi digu nondik sortu zen liburua egiteko ideia: "Roman Berriozabalek eman zigun dataren berri eta informazioa zegoenez, pentsatu genuen liburutxo bat egitea. Izan ere, orduko egoera garrantzitsua izan zen gure herriko historia ulertzeko".

Azkenik, ez dute zalantzarik izan lana Velez de Mendizabali eskaintzeko: "Aramaioarra da, herriko seme kutuna eta gustuz hartu zuen gonbidapena". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak