Iñigo Jimenez: "Martin arrantzalearen argazkia lortzeko hamar aldiz joan nintzen errekara"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 29a

Urriaren 19ko Goiena papereko kontrazalean eman genuen Iñigo Jimenezen (Arrasate, 1984) zaletasun bereziaren berri. Hegaztien ehiztaria  baina eskopeta beharrean argazki kamera da bere arma; hamasei ordu itxaroteko gai da ezkutaleku edo hide delakoan argazki onena lortzeko. Bada, zaletasun horrek diru apur bat emango dio oraingoan, Udalaren argazki lehiaketako irabazle nagusia izan da-eta aurten.

Hasteko, zorionak! Saria jasotzea espero al zenuen?

Eskerrik asko! Aurkeztu nintzenean esan zidaten azaroaren 20an-edo emango zutela irabazleen berri. Ez nuen deirik jaso eta horregatik pentsatu nuen besteren batek irabaziko zuela. 

Gainera, urtaroetako argazki onenak saritzen dituen lehiaketa izanik, paisaiak bakarrik sarituko zirela usten nuen. Hori kontuan hartuta, albistea pozik jaso dut, bai horixe.  

Nola izan zenuen Aramaioko argazki lehiaketaren berri?

Goiena paperean ikusi nuen Udalak argazki lehiaketa antolatu zuela eta aurkeztea erabaki nuen. Lanak aurkezteko epea amaitzen zen egun berean entregatu nituen argazkiak. Hiru argazki aurkeztu nituen, guztiak hegaztienak. Hegaztien argazkiak ateratzeko zaletasuna daukat eta hori aprobetxatu nuen lehiaketarako. 

Martin arrantzalearen argazkia saritu du lehiaketako epaimahaiak. Noizkoa da argazkia? 

2012ko udaberrian atera nuen, bailarako erreka baten. Martin arrantzale emea da argazkiko protagonista eta akordatzen naiz argazki hori lortzeko hamar aldiz joan behar izan nintzela erreka horretara.  

Bestalde, duela zenbait hilabete ateratako arrano beltzaren argazki bat banuen, baina ez zen erabat nik gura nuena. Hala, lehiaketa honetara aurkeztu baino egun bat lehenago lortu nuen gura nuen argazki hori, Sorian; arrano beltza azeri baten gainean agertzen da. Kasualitate ederra izan zen: lehiaketarako propio bilatutako argazkia izen-emate epea baino egun bat lehenago lortu nuen. Sariduna izan nintzela jakin nuenean argazki hori sarituko zutela uste nuen, baina pozik nago bestela ere. 

200 euroko saria. Atrebentzia handia ez bada, zer egingo duzu diruarekin?

Argazki kamerarendako aparailu berriak erosteko erabiliko dut sariaren zati bat, eta akaso neskalagunari afaltzera ere gonbidatuko diot... Baina oraindik ez dut erabaki, ikusiko da. 

Etorkizun hurbilerako proiekturik? 

Neguan beste hegazti baten bila irtengo naiz. Miru gorria dut begiz jota, ea harrapatzea lortzen dudan...

----------------------

Urtaroetako argazki onenak

2013rako egutegi ofiziala osatuko du Udalak lehiaketara aurkeztu diren argazki onenekin. Sari nagusiaz gain, lehiaketa honetan urtaro bakoitzeko argazki onena ere saritzen da. Udaberriko onena Iker Altunarena da, udakoa Nuria Altunarena, udazkenekoa Jose Angel Isasirena eta negukoa, azkenik, Iker Altunarena. Iker eta Nuria Aramaiokoak bertakoak dira. Epaimahaiak beste zazpi argazki aukeratuko ditu egutegia osatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak