Aramaion euskararen erabilera "dezente apalagoa" da ezagutza baino

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 23a

Soziolinguistika Klusterrak atzo eman zituen Aramaion euskararen kale erabileraren neurketak eman dituen emaitzen berri. Udalak eskatuta, 2011ko urrian egindako neurketak dira eta Sastiñan aurkeztu zituzten emaitzek hainbat ondorio utzi dizkigute.

Lehen ondorio nagusia da euskararen erabilera "dezente apalagoa" dela ezagutza baino. Klusterraren behaketaren arabera, %64,4koa da euskararen erabilera Aramaioko kaleetan. Hori bai, erabilera hori ez dator bat ezagutzarekin, aramaioarren %82,5ak daki-eta euskaraz. 

Erabilerak gora 2008a ezkero

Beste ondorioetako bat da euskararen erabilerak gora egin duela 2008tik 2011ra: %56,2koa zen 2008an eta esandako moduan, 2011n %64,4koa izan zen. Hala, 2003 eta 2008 urteetako neurketetako beherakada gainditu, eta ia 2001eko maila berean dago euskararen erabilera hamar urte geroago.

Ezagutzak, berriz, beherazko joera izan du 1986tik 2006ra. 2001eko eta 2008ko neurketan artean euskararen erabilera jaitsi izana, hein handi baten, ezagutza mailan eman den beherakada horri zor zaio. Baina ezagutzaren gaineko azken datuak 2008koak dira: "2011ko ezagutzari buruzko datuak argitaratzen direnean informazio gehiago izango dugu 2011ko erabilera baloratzeko", diote atera berri duten txostenean. 

Haurrak eta gazteak gehien 

Bestalde, Aramaioko –Ibarra auzoan bakarrik egin ziren neurketak– emakumezkoek euskara gehiago egiten dute gizonezkoek baino: emakumezkoen %68,2a, gizonezkoen %60,7aren kontra.

Adinari dagokionez, ordea, Aramaion haurrak –2-14 urte– eta gazteak –15-24 urte– dira euskara gehien erabiltzen dutenak; %80,7a eta %75,2a, hurrenez hurren. Helduek –25-54 urte– eta nagusienek –65 urtetik gorakoak–, berriz, gutxiago egiten dute euskaraz: "Helduen %54,7 entzun ditugu euskarazko elkarrizketetan; adinekoen artean, berriz, %53,6koa da erabilera", diote. 

Hala, erabilera datuak ezagutza datuekin alderatuta deigarria egiten da, proportzionalki, nagusienen erabilera urria: ia guztiek dakite euskaraz, baina euren elkarrizketen ia erdiak ez dira euskaraz izaten. Beraz, adinean aurrera egin ahala erabilerak behera egiteko joera du. Azkenik, haurrek maila bertsuan erabiltzen dute euskara nagusiekin edo haurrekin bakarrik daudenean; nagusiek, berriz, gehiago erabiltzen dute euskara haurrekin daudenean nagusi artean soilik daudenean baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak