Eraso sexisten aurrean gaitzespena adierazteko deia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 23a

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna izango da domekan mundu osoan. Aramaiora ere helduko da eraso sexisten aurkako aldarria eta aurten bigarrenez Udalak kontzentrazioa antolatu du etzirako; Herriko plazan izango da, 13:00etan. Udaleko Gazteria, Migrazio eta Berdintasun batzordeak dei egin die herritarrei elkarretaratzean parte har dezaten.

Iaz indarkeria sexistaren aurkako aldarrikapenaren irudi den puntu morea jarri zuen Udal Gobernuak udaletxean eta herriko tabernari zein dendariei gonbidapena egin zien euren negozioetan ere ikurra jar zezaten.

Ekimen horrekin jarraituko dute eta aurten, gainera, gazteen inplikazioa ere bilatuko dute: "Gazteengana jo gura izan dugu eta eskatu diegu elkarretaratzean erakutsiko dugun pankarta eurak egin dezatela. Ederto erantzun dute", adierazi du Edurne Uribarren-Iturrieta zinegotziak.

Udalak dakiela, tratu txarrik ez

Domekako hitzorduaz gain, tratu txarrak hizpide dituen pelikula baten proiekzioa ere antolatu dute biharko. Hector Olivera zuzendariaren  Antigua vida mia da filmaren izenburua; zapatuan izango da, Kultur etxean, 22:00etan.
Bestalde, Uribarren-Iturrietak aditzera eman duenez, Aramaion ez dute tratu txarrak eman diren kasurik ezagutu azkenaldian.

Hala ere, Udalak erabateko babesa emango die tratu txarrak salatzen dituzten emakumeei: "Gizarte langile bat dugu horretarako eta konpromisoa hartzen dugu kasua bideratzeko", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak