Orain arte udaletxeko arkupe azpian elkartzen ziren eta orain hiltegi zaharra dute egoitza: "Saskia hartzeko gelditzen garen bitartean, gure artean bertako produktuak kontsumitzeko ohitura bultzatu gura dugu", diote. Bertako produktuen zerrenda luzea da oso: esnea, arrautzak, gazta, eztia, barazkiak, frutak, babak, sagardoa, sagar-zukua, txikoa, untxia, oilaskoa, txorizoa...". Prezioa ekoizleak zehaztu ohi du. Bestalde, Aramaion ekoiztu ezin diren produktuez ere gozatu gura dute: "Euskal Herriko txoko ezberdinetako produktu ekologikoak ekartzen hasi gara, kontsumo ohitura jasangarriagoak bultzatu eta herrian ekoizterik ez dauden elikagai osasuntsuak herritarron eskura jartzeko".
Aurkezpen eta zabaltze fasean
Leku fisiko bat izanda, Aramailur-eko kideek espero dute herritar gehiagok egingo dutela bat proiektuarekin: "Aurkezpen eta zabaltze fasean murgildu gara, jende asko interesaturik egongo dela uste dugu-eta. Ez da dendaririk egongo, gure artean antolatuko ditugu lan txandak. Beraz, ekonomatoa sortzeko herritarren inplikazioa ezinbestekoa izango da: produktuak lortu, ekonomatoa txukundu, mahaiak eta apalak ekarri...". Era berean, zenbait produktu ekartzeko ordainketak aurrez egin behar direnez, hasieran diru mailegua egingo duten herritarrak ere behar dituzte: "Nolabait dirua aurreratuko duen jendea, behin martxa hartuta itzuliko dena". Ekarpena 50 euro izatea aurreikusi dute, ez gehiago. Aurrera begira bazkidetza bidez funtzionatuko luke ekonomatoak, eta kanpoko produktuei –ikus goiko zerrenda– gehigarri txiki bat ezartzea "beharrezko" ikusten dute, garraio gastuak ordaindu ahal izateko. Interesatuak ager daitezela hiltegi zaharrean; edozein martitzenetan, 19:00etan.
-----------------------
Jokin Orobengoa (Aramailur-eko kidea): "Bertako produktuek ez dute irteerarik; hutsune hori betetzera goaz"
Aramaion bizi den Jokin Orobengoa arrasatearrak eman digu Aramailur kontsumo taldearen azken urratsen berri.
Urrats berriak egiten ari zarete. Zeintzuk? Duela bi urte udaletxeko arkupeetan elkartu ostean, Udalak, gurea Aramaixo Basarri Barri fundazioaren barruan dagoen proiektua denez, hiltegi zaharra utzi zigun produktuen trukea egiteko. Leku fisiko bat oso garrantzitsua da, elkartu eta produktuak gordetzeko.
Zertarako kontsumo talde bat Aramaion? Gure helburua da Aramaion bertan ekoizten diren produktuei irteera ematea, herritarrak bitartekari barik jaso dezan. Izan ere, bertako produktuek ez dute irteerarik; hutsune hori betetzea da gure asmoa. Bestalde, Aramaion ekoizten ez diren beste produktu ekologiko batzuk ere hasi gara ekartzen.
Nola lan egiten duzue? Baserritarrekin konpromisoa hartu dugu astero saski bat kontsumitzeko. Era berean, baserritarrak konprometitu dira urtean zehar sasoiko produktuz osatutako saskia astero banatzeko.
