Noiz erabaki zenuten gizartea akabatzea?
Orain dela pare bat urte, 2010eko uda bukaera aldera, Son gitarra-jolea eta ni [Kepis, baxu-jolea] entsegu lokalera batera joaten hasi ginen. Aurretik beste talde batzuetan ibilitakoak gara; beraz, instrumentuak konektatu bezain laster, taldearen bide eta bizitza propioa bilatzen saiatu ginen. Bateria-jole bat hartu, eta inprobisazio bidez kantu propioak egiten hasi ginen, eta hala sortu genuen Yo tan solo, gure lehenengo kantu propioa. Hala ere, Cicatriz, Eskorbuto eta Anticuerpos taldeen bertsioak egiten genituen denbora-pasa moduan, baina gerorako ona izan zen.
Beraz, hasieratik zuen bidea bilatzen saiatu zarete, ezta?
Bai, argi izan dugu musikak bide ezberdinetatik eramaten zaituela, eta barnean duzuna kanporatzeko tresna indartsua dela. Beraz, gure barrunbeak ateratzeko, gure bidea bilatu behar dugu.
Zein ibilbide izan duzue orain arte?
Taldea sortu zenetik gaur egunera arte, adibidez, bateria-jole ezberdinak izan ditugu, baina orain, Pulga-rekin, nahi genuen egonkortasuna lortu dugu. Entseatzen hasi eta, gutxi gorabehera, lau hilabetera eman genuen lehen kontzertua Erandioko Zentinel tabernan, eta polizia agertu zen kontzertua bukatzeko aginduz. Lehen kontzertua izateko esperientzia bizia izan zen. Gero, han eta hemen kontzertu dezente eskaini ditugu.
Lehen lana grabatzen zabiltzate, baina Interneten zuzeneko abestiak dituzue entzuteko.
Gehienak orain dela bi urte Aramaioko jaietan egin genuen kontzertukoak dira, zuzeneko kantuak. Hala ere, gure lehenengo grabazioan egindako pare bat kantu daude taldearen myspace-an, baina diskoa berriz ere grabatzea erabaki genuen.
Hasiera batean, Aretxabaletako gaztetxean Joanes teknikariarekin grabatu genuen diskoa, eta hura amaitu ondoren diseinua egiteari ekin genion. Eta diskoaren alde grafikoa ikusi ondoren, kantuak berriz ere grabatzea erabaki genuen, grabazio zaharrak ez zuelako taldea islatzen.
Orduan, orain, non zabiltzate grabatzen?
Berriz ere Aretxabaletako gaztetxean gabiltza, baina oraingoan, Karlote-ren Nekrosounds estudioan. Kantuak bukatuta daude; ahots pare bat bukatzea, gitarraren zati batzuk eta kolaborazioak falta dira. Egia esan, bigarren grabazio honen emaitza askoz ere fidelagoa da.
Zeintzuk izango dira kolaboratzaileak?
Gutxienez, aurreko grabazioan parte hartu zutenek berriz ere grabatzea espero dugu. Bertan, Igor del rock eta Subversion X taldeko Jabi izan ziren gurekin. Hala ere, sorpresaren bat lortzea espero dugu. Jabik kantu baten gitarra-punteatzeak grabatu ditu eta beste abesti baten ahotsak sartu ditu. Haren kolaborazioa nahiko berezia da guretzako, Subversion X taldearekin dugun harremanagatik. Aspaldian gustuko izan dugun taldea izan da, 80ko hamarkadako Bilboko punkaren hurrengokoak direlako.
Zein da zuen lehen lanaren izenburua eta zer aurkituko dugu?
Despojos de esta tierra deituko da, eta bertan, momentu honetan taldearen erreprodukzio fidela lortzea espero dugu. 12 kantu grabatu ditugu; lehenengo grabazioaren eta bigarrenaren artean kantu berri bat egin eta grabatu egin dugu. Horrez gain, posible izanez gero eta denbora lagun badugu, bideoklip bat grabatu nahiko genuke, baina horretarako nahiko argi eta bizkor ibili beharko dugu.
Taldearen izena Eskorbutoren kantu baten izena da. Zer da Eskorbuto zuentzat?
Inspirazio iturri handiena da. Musika baino zerbait gehiago da Eskorbuto guretzat, gauzak egiteko eta bizitzari aurre egiteko era bat da. Gaztetan, 9 urte nituela, anaiak Impuesto revolucionario zinta oparitu zidan, eta momentu garrantzitsua izan zela uste dut. Musikalki gustatu egin zitzaidan, baina, aurrerago, kantuen letrekin identifikatuta sentitu nintzen, bai ni, bai taldekide guztiak. ERM sortu aurretik, TAE [Tributo a Eskorbuto] proiektuarekin kontzertu pare bat egin genituen. Beraz, taldea sortzeko momentuan eta gure bizitzan garrantzitsua da Eskorbuto.