2013rako zergetan %3,1eko igoera orokorra aplikatzea onartu du Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 9a

2013rako zergak KPIaren arabera igotzea onartu zuen Aramaioko udalbatzak egueneko osoko bilkuran. Hau da, igoera orokorra %3,1ekoa izango da. Bestalde, eskola jantokietan kontsumo arduratsua bultzatzeko mozioa aho batez onartu zen.

Udal gobernuko Lierni Altuna bozeramaileak zergen eguneratzea ezinbestekotzat jotzen du: "Udalaren diru-sarrerak behera doaz eta KPIaren araberako eguneratze bat derrigorrezko ikusi dugu Udalaren jarduna minimo batzuetan bermatzeko".

Jose Ramon Uribe Aramaio Alkartasunako zinegotzia ere iritzi berekoa da. Zergak eguneratzea beharrezkoa dela uste du Udalaren jarduna bermatzeko: "Zerga bereziak ez badira igotzen herritarrek beste alde batetik pairatuko dituzte igoerak; KPIaren araberako igoera ezinbestekoa da Udalaren biziraupenerako".

EAJko Iñaki Nafarrate, berriz, abstenitu egin zen ez zuelako denborarik izan igoerak aztertzeko. Igoera horien berri emateko batzordean ezin izan zen egon Arabako Diputazioan hitzordu garrantzitsua zuelako. Izan ere, finantziaziorako foru arau garrantzitsu bat eztabaidatu behar izan zuten Batzar Nagusietan: "Foru arau hori Arabako Udala, kontzeju eta batzorde administratiboei finantziazioa gehitzeko da eta urtean 12 milioi euro banatzen dira. Hala, alkateari esan nion batzordera ezin nuela joan Batzar Nagusietako osokora joatea derrigorrezkoa zelako".

Udal tasen igoerarik ez zen aztertu joan den egueneko osoko bilkuran, oraindik txosten ekonomikoa egiteke dagoelako. Beraz, 2013an ura eta zaborra esaterako zenbat igoko diren jakiteko itxaron egin beharko dute aramaioarrek.

Eskola jantokiak hizpide

Bestalde, ekoizpen eta kontsumo arduratsurako irizpideak lantzen dituzten eskola-jantokien proiektuak laguntzeko Bilduk aurkeztutako mozioa aho batez onartu zen. Irizpide horien artean daude, besteak beste, elikagaien eraldaketa eta prestaketa ahalik eta hurbilenen egitea, nekazaritza eredu ekologikoan ekoiztutako sasoiko elikagaien kontsumoa eta tokian-tokiko elikadura ohituren berreskurapena eta jantokien egungo kostuak txikitzea.

Hala, Aramaioko udalbatzak aditzera eman gura du kudeaketa eredu bakar, baztertzaile eta zentralizatzaileak eragin duela eskola-jantoki publikoen kudeaketa negozio hutsa bihurtu dela. Gainera, eskola-jantokien inguruan indarrean dagoen lege-dekretua aldatzeko proiektu proposamena aurkeztea onartu zen osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak