Horren zikina dago Aramaio ibaia?
Bi urtean behin elkartzen gara erreka garbitzeko eta iaz ez zen garbitu. Eta bai, zikinkeria badago. Kanpotik ez du ematen baina garbitzerakoan espero ez den zikinkeria agertzen da: pentsa, labadora eta bizikleta zatiak agertu izan dira...
Nola funtzionatuko duzue?
Zapatuan 10:30ean geratuko gara, plazan. Jende kopuruaren arabera taldeak egingo ditugu, eta basura poltsa zein eskularruekin, behetik gora hasiko gara erreka garbitzen, hau da, Matxin kaletik hasi eta pilotaleku inguraino. Beraz, gero eta jende gehiago, hobeto. Aurrekoetan 20 bat lagun elkartu izan gara eta jasotzen dugun zakar guztia leku batean elkartuko dugu, gero dagokion edukiontzira botatzeko. Lana egin ostean hamarrateko ederra egongo da guztiondako.
Zergatik antolatzen du Orixolek erreka garbitzeko auzolana?
Helburua da erreka garbi mantentzea. Horrez gain, herritarrak naturarekiko errespetuaz sentsibilizatzea ere badu helburu. Askotan plastiko eta bestelakoak samur botatzen ditugu lurrera eta horiek gero errekan bukatzen dute. Aurten herriko beste taldeak ere inplikatzea gura izan dugu; erreka denona da eta denok parte hartu behar dugu! Udalarekin batera deialdia zabaldu dugu; ahalik eta jende gehien agertu dadila.
Zerbait gaineratzerik nahi?
Eguraldi txarra egiten badu beste egun batera atzeratuko dugu. Bestalde, haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute baina helduekin batera etorri beharko dira. Gainerakoei, anima daitezela, denoi gustatzen zaigu-eta herria garbi ikustea.